2012an 'Izurdia' atunontzia eraso izana ukatu dute sei somaliarrek
Astelehenean hasi zen 2012ko urriaren 10ean Somalian Bermeoko Izurdia atunontzia bahitzen saiatzea leporatzen dieten sei somaliarren aurkako epaiketa. Fiskalak hemezortzi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du haientzat, erakunde kriminala osatzen ...
Espainiako Auzitegi Nazionalean ari dira epaitzen somaliarrak, eta, auzipetu batek deklaratzeari uko egin dio, itzultzailea ez zela bere lana ondo egiten ari argudiatuta. Gainontzeko epaituek 2012ko urriaren 10 hartan itsasora erori zen lagun bat erreskatatu nahian ari zirela argudiatu dute.
NATO izan zen orduko hartan sei somaliar horiek atxilotu zituena, eta, orain, Susana Landeras fiskalak dio sei horiek izan zirela Bermeoko atunontzia bahitzen saiatu zirenak. Halaber, ordu erdiz, «abiadura handian eta tiroka» jarraitu zutela gaineratu du. Ustezko bahitzaileek armarik ez zeukatela esan dute.
Izurdia bahitzen saiatu zirenean, erasoen kontrako protokoloa jarri zuten martxan bertako marinelek, eta, ondorioz, segurtasun zerbitzu pribatukoak izan ziren atunontziko kideak babestu zituztenak. Gertaeraren hurrengo egunean aurkitu zituzten ustezko bahitzaileak Somalian, eta haien aurka tiro egin ostean atxilotu zituen Herbehereetako gerra itsasontzi batek.
Albiste agentziek diotenez, somaliarrek itsasora botata zituzten aurretik beraien armak; hala, euren ontzian labanak, erremintak eta sokak bakarrik aurkitu zituzten. Espainiako Defentsa Ministerioak atxilotuak Espainiaratu ostean, Auzitegi Naziona- laren esku utzi zituen. Geroztik, espetxean egon dira.