Bizkaiko Foru Aldundiak 912 metroko luzera duen babes-hesia jarri du Bermeo eta Mundaka lotzen dituen BI-2235 errepidean. Hori egiteko, osotasunean, Bizkaiko mendietan jatorria duen egurra erabili dutela jakinarazi dute. Ezarri berri duten sistema horrek, bestalde, errepide horretan egin duten oinezkoentzako bidea babesteko balio duela adierazi dute.
Foru Aldunditik nabarmendu dutenez, errepide horretan jarri duten babes-hesi horren abantaila nagusiena, «jasangarritasuna da». Hesirako erabili duten egurra, Berriatuako Milloi basokoa dela zehaztu dute, eta modu jasangarri batean kudeatua izan dela adierazi dute, gainera. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, egurrak, kasu honetan, beste abantaila bat du, «sistema kokatuta dagoen natura-ingurunean, bisualki atseginagoa ematen duela. Izan ere, hesiaren diseinua egiterako orduan, inguruko ekosistemarekiko harmonia zaindu da eta eskaera tekniko guztiak bete dira».
Bermeo eta Mundaka lotzen dituen errepidean jarri duten euste-sistemak, errepideetarako Europak eskatzen dituen neurriak betetzen dituela azaldu dute Aldunditik, «gainontzeko sistemen proba berdinak gainditu ditu, baina inguru honetarako egokiago geratzen da egurrezko sistema hori».