2012an ‘Izurdia’ atunontzia eraso izana ukatu dute sei somaliarrek
Atzo hasi zen 2012ko urriaren 10ean Somalian Bermeoko Izurdia atunontzia bahitzen saiatzea leporatzen dieten sei somaliarren aurkako epaiketa. Fiskalak hemezortzi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du horientzat, erakunde kriminala osatzen zutela frogatzen bada, eta, hamasei urte eta erdikoa, berriz, talde kriminaleko kide direla frogatzen bada. Ustezko bahitzaileek, hala ere, atunontzi horri eraso izana ukatu dute.
Auzitegi Nazionalean ari dira epaitzen somaliarrak, eta, horietako batek deklaratzeari uko egin dio, itzultzailea ez zela bere lana ondo egiten ari argudiatuta. Gainontzeko epaituek 2012ko urriaren 10 hartan itsasora erori zen lagun bat erreskatatu nahian ari zirela argudiatu dute.
NATO izan zen orduko hartan sei somaliar horiek atxilotu zituena, eta, orain, Susana Landeras fiskalak dio sei horiek izan zirela Bermeoko atunontzia bahitzen saiatu zirenak. Halaber, ordu erdiz jarraitu zutela gaineratu du, «abiadura handian eta tiroka». Ustezko bahitzaileek, euren aldetik, armarik ez zutela azaldu dute.
Izurdia bahitzen saiatu zirenean, erasoen kontrako protokoloa jarri zuten martxan bertako marinelek, eta, ondorioz, segurtasun zerbitzu pribatukoak izan ziren horiek atunontziko kideak babestu zituztenak. Gertaeraren hurrengo egunean aurkitu zituzten ustezko bahitzaileak Somalian, eta horien aurka tiro egin ostean atxilotu zituen Herbehereetako gerra itsasontzi batek.
Albiste agentziek diotenez, somaliarrek itsasora botata zituzten aurretik beraien armak; hala, oeuren ontzian labanak, erramintak eta sokak bakarrik aurkitu zituzten. Espainiako Defentsa Ministerioak atxilotuak Espainiaratu ostean, Auzitegi Nazionalaren esku utzi zituen. Geroztik, espetxean izan dira.