Barazkiz egindako buzkentzik onenak Jeronimo eta Barturen harategiarenak izan dira; Mungian egiten den txapelketa horretako epaimahaiarentzat, berriz, arrozezko onena Landabasorena izan da.
Beste behin ere, Bermeoko harategiak ez dira hutsik etorri Mungiako San Antontxu jaietako XIX. Euskadiko txorizo eta odoloste txapelketatik. Saritutako lau odolosteetatik hiru Bermeokoak izan dira aurton. Barazkiz egindako buzkentzik onena, Jeronimo harategiarena dela ebatzi du epaimahaiak, bigarrena, berriz, Barturen harategiarena. Arrozezko buzkentzik onena ere Bermeon egiten da San Antontxuetako odoloste txapelketako epaimahaiaren arabera, Landabaso harategiarena da onena horien arabera.
Gil anaiak arduratzen dira Landabaso harategiaz, eta «oso pozik» hartu dute saria. Ez da lehenengo aldia, gainera, 2013. urtean ere beraiena izan zen arrozez egindako odolosterik onena, eta inoiz barazkiz egindakoagatik ere saria lortu dutela diote. «Herritik kanpo lortutako sariek, gainera, gehiago pozten gaituzte», diote. Bermeon, Landabaso harategiak baino ez ditu arrozez egindako buzkentzak egiten, eta «sekreturik ez duela» diote, «arroza eta bertoko produktuak erabiltzea baino ez, ez dute besterik». Sariek, salmentetan «asko» laguntzen dute Gil anaien arabera, «jendeak dastatu egin gura ditu-eta».
Landabaso harategiko Gil anaiak
Jeronimo harategiko harakinak ere odolosteak egiterakoak sekreturik ez dagoela dio, beste behin ere: «produktu onak baino ez dira behar, bertoko tipula eta porruak, eta hori bai, mimo handiz egitea». Hirugarren urtez jarraian jaso du Mungiako saria, bost urtetan aurkeztu da eta lautan hartu du barazkiz egindako buzkentzik onenari saria, beraz, «poz-pozik» dago Jeronimo Mateos. «Ondo» egindako lanaren aitzatespena dela dio harakinak. Harategian lan gehien ematen duena odolosteak direla azaltzen du Mateosek, «ordu asko eskatzen baitituzte». Bermeon, lehia handia dagoela dio Mateosek, «horregatik ekarri ditugu herrira hiru sari».
Jeronimo Mateos, txapelarekin
Barturen harategiaren buzkentzak ere oso ezagunak dira herrian, askotan saritu baitituzte. Aurten, Mungiako txapelketako bigarren saria eskuratu dute, barazkiz egindako odolosteetan. «Lanean jarraitzeko indarrak» ematen dituela diote Barturen harategiko harakinek, «sariak beti dira ongi etorriak». Horien arabera ere, sariek salmentetarako onuragarriak dira: «herritik kanporako eskariak ere baditugu». Barturen familiak ere ez du sekreturik odolosteak egiterakoan, «osagarriak betikoak dira». Odolosteak egiteko bi eguneko lana behar dutela diote, «lan zikina, gainera, odolagatik». Herrian dagoen lehiagatik galdetuta, «ona» dela diote, «hobetzen jarraitzeko gogoa ematen duelako».
Barturen harategiko Naia eta Miren Barturen.