Sanantonak ospatuko dituzte asteburu honetan Barinaga auzoan
Andoni Egañagaz eta Nerea Ibarzabalegaz egingo den bertso afarirako txartelik ez da gelditzen. Ume eta nagusiek egiteko moduko ibilaldia prestatu dute domekarakoIndarberrituta datoz aurten sanantonak Barinagara. Iaz bertan behera gelditu baziren ere, ...
Andoni Egañagaz eta Nerea Ibarzabalegaz egingo den bertso afarirako txartelik ez da gelditzen. Ume eta nagusiek egiteko moduko ibilaldia prestatu dute domekarako
Indarberrituta datoz aurten sanantonak Barinagara. Iaz bertan behera gelditu baziren ere, aurten bi egunetarako egitaraua antolatu dute barinagarrek. Zapatuan izango dira ekitaldi nagusiak, baina domekarako ere, ibilaldi berezia prestatu dute.Aurten estreinako antolatu dituzten Banakako Pala Txapelketako finalekin emango diote hasiera jaiei. 11:00etan hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira, eta ondoren, 12:00ak aldera jokatuko da finala Itxurritxu Elkartearen alboko frontoi txikian.
32 lagunek hartu dute parte Barinagakoek lehenengo aldiz antolatu duten pala txapelketan. Zortzi talde egin zituzten, lau lagunekoak, eta denek denen kontra jokatu ondoren, talde bakoitzeko lehenengoek egin zuten aurrera. Finalaurdenak jokatu zituzten joan den astean, eta finalaurrekoak atzo. Zapatuko meza ostean banatuko dituzte, azkenik, sariak.
Urte askotan egin den modura, briska txapelketa jokatuko da arratsaldean, Itxurritxu elkartean, eta parte hartu nahi duenak jokoa hasi baino ordu erdi lehenago eman beharko du izena bertan elkartean. Irabazleek 120 euro eta txapelak lortuko dituzte, bigarren bikotearentzat 80 euroko saria egongo da, hirugarrenentzat 50 eurokoa eta laugarrenentzat gazta bi.
Briskaren ondoren, mahaiak prestatuko dituzte barinagarrek gaueko bertso afarirako. Andoni Egaña eta Nerea Ibarzabal bertsolariak ondo lagunduta egongo dira. Izan ere, afarirako txartelik ez dela geratzen jakitera eman dute antolatzaileek, eta beraz, ehundik gora bertsozale izango dituzte ondoan, afarian.
Laja II eta Lutxurdixoren doinuekin amaituko dira zapatuko ekintzak.
Baserriz baserri
Barinagako baserrietan zehar egingo duten ibilaldiagaz hasiko dute domeka. «Eliza azpian batuko gara, eta Iturretarantzako bidea hartuko dugu, Urko azpitik pasatu eta Eibarko bidetik buelta egiteko», azaldu dute. Ibilbidea erraza dela aurreratu dute, pare bat ordukoa, eta aldapa txikiren bat badago ere, gehiena laua eta beherantz dela zehaztu dute. «Umeekin egiteko modukoa izango da, eta Barinagako baserriak ezagutzeko aukera edukiko dute».