«Kongresua demokraziaren tenplua baino, hipokrisiarena da»
Erretiratua izatetik kongresuan diputatu izatera igaro zen Sabino Cuadra, eta orain, hiru urtean Madrilen bizitako pasadizioak biltzen dituen liburua aurkeztuko du.Arrojado a los leones liburua aurkeztuko du bihar Amaiurko diputatu Sabino Cuadrak (Amur...
Erretiratua izatetik kongresuan diputatu izatera igaro zen Sabino Cuadra, eta orain, hiru urtean Madrilen bizitako pasadizioak biltzen dituen liburua aurkeztuko du.
Arrojado a los leones liburua aurkeztuko du bihar Amaiurko diputatu Sabino Cuadrak (Amurrio, 1949) Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, 19:00etan. «Esperientzia oso ona» bizi izan du Cuadrak kongresuan: «Bere gauza nazkagarri eta interesgarriekin». Mamua barren-barrenetik ezagutzeko aukera eduki duela dio.Zer kontatzen du Arrojado a los leones liburuak?
Madrilen diputatu batek egindako hiru urtetako balantzea biltzen du liburuak. Kongresuan nola sartu ginen azaltzen du, bertan zer ikusi dugun ere kontatzen du, eta egunerokotasuna ere jorratzen du. Hala ere, gai politikoak dira gehien azaltzen direnak. Ni, esaterako, lan eta segurantza sozialeko eta justiziako batzordeetan egon naiz, batez ere, eta, beraz, horietan lan tresna izan ditudan materia eta legeak izan ditut hizpide. Gai horien aurrean zer esan eta egin dugun ere adierazten du liburuak. Batez ere, pasadizo politikoz osatutako liburua dela esango nuke.
Nolakoa da Madrilgo kongresua?
Madrilgo kongresua dirudiena baino korapilatsuagoa eta ezberdinagoa da. Eguneroko kontuek garrantzia handia dute; kongresuaren inguruan mugitzen diren taldeek, bulegoetako negoziaketek… Diotenez, kongresua demokraziaren tenplua da, baina nik, berriz, hipokrisiaren tenplua dela deritzot. Kongresua agertoki bat baino ez da; funtsean, erabaki politiko garrantzitsuenak kongresutik kanpora onartzen dira. PPren gobernuak egindako lege gehienak Bruselak agindutakoak izan dira. Alde horretatik, beraz, frankizia bat dela deritzot; frankizia bikoitza, gainera. Batetik, Bruselan egiten direlako gauza asko eta asko, eta, bestetik, kongresutik kanpo ere gauza garrantzitsuak egiten direlako: esaterako, Mordazaren legea, abortuaren proiektua izan zena… Estatuko botere faktikoek bultzaturiko proiektuak dira; kanpoan egiten direnak eta kongresuan eztabaidatzen direnak. Frankiziaren alde bi horiek PPk duen erabateko gehiengoagaz batzen badituzu, orduan, iruzur hutsa da kongresuan egiten den guztia.
Zein egiteko dauka Euskal Herriak Madrilen?
Madrilgo Gobernuan Euskal Herriak ez du irabazterik, bertoko gehiengoak defendatzen duena ez baitu errespetatzen Madrilek. Bertoko gehiengo politiko, sindikal eta soziala Espainiako Gobernuak hartutako legeen aurrean erabat kontra agertzen bada ere, Madrilen onartu eta Euskal Herrian ezarri egiten dira lege horiek, nahiz eta PPk gure herrian ordezkaritza txikia izan. Are larriagoa gertatzen da Nafarroan; Hamahiru lege onartu dituzte, eta bertan behera geratu dira guztiak.
Nortzuk dira zure liburuko lehoiak?
Alde askotatik agertzen dira lehoiak. Gobernua ez ezik, konstituzioa bera da lehoia. Kataluniak eta Euskal Herriak, esaterako, ez dute inongo eskubiderik, ezta galdeketa bat egiteko ere. Kongresuaren inguruan biltzen diren indar faktikoak (polizia, aseguru konpainiak, bankuak..) ere lehoiak dira. Kongresuan, gainera, sugegorriak ere agertzen dira noizbehinka.
Lehoi horien aurkako borrokaldia zelakoa izan da orain arte?
Nik uste dut Amaiurrek orain arte egindako lana positiboa izan dela. Ez da nik esaten dudalako, baizik eta esan digutelako baliogarria izan dela. Baliogarria izan omen da, antza, Euskal Herrian egin diren hainbat borrokekin bat datorrelako gure lana. Kongresuan egotea, gainera, baliogarria izan da baita, estatu mailan mugitzen diren indar politiko subiranista eta ezkertiarrekin eta indar sozial eta sindikalekin harremanetan egoteko, eta, hartara, hobeto azaldu ahal izateko guk egiten duguna. Orain arte, Euskal Herrian egiten ziren gauza guztiak estaltzen zituzten «terrorismoaren» aitzakiapean. Zubi lan hori egiteko, beraz, beharrezkoa da, nire ustez, gure beharra.
Zeintzuk dira zubi lan horien helburuak?
Bi norabide dituzte zubi lan horiek: batetik, kanpora begira, estatu mailan dauden indar politiko, sozial eta sindikal horiekiko harremana sortzea, eta, bestetik, gure herriari begirakoa.
Zelako etorkizuna dauka Euskal Herriak?
Tamalez, gure aldetik bake eta normalizazio demokratikorako bidean emandako pausoek ez dute erantzun positiborik izan; guztiz kontrakoa esango nuke. PPren Gobernuak ez du bakerik nahi, garaipena baizik; sortutako prozesua apurtu nahi du. Jarrera erabat atzerakoia du, eta PSOEk ere antzeko jokabidea du.
Horren aurrean badu ezer egiterik Euskal Herriak?
Euskal Herriak posible du gauzak aldatzea. Zapatuan Bilbon egindako manifestazioaren bidetik jarraitu behar dugu. Mota guztietako indarrak biltzen segitu behar dugu: aurrerapausoak emateko, PPren Gobernuaren jarreragaz bukatzeko, erabakitzeko eskubideari ateak zabaltzeko eta justizia soziala indarrean jartzeko gure herrian.