Abaroa Biztu: «Herri guztiaren onurarako erabakia hartu da»
Lorezainaren eraikina zer izan behar zen adostu ez dutenez, gaztetxe izateari uztea erabaki du Lekeitioko Gazte Asanbladak. Abaroa Biztuk kudeatuko du orainLekeitioko Gazte Asanbladak gaztetxea uzteko hartutako erabakia herri osoaren onurarako izango d...
Lorezainaren eraikina zer izan behar zen adostu ez dutenez, gaztetxe izateari uztea erabaki du Lekeitioko Gazte Asanbladak. Abaroa Biztuk kudeatuko du orain
Lekeitioko Gazte Asanbladak gaztetxea uzteko hartutako erabakia herri osoaren onurarako izango dela dio Abaroa Biztuk. «Proiektu eta adierazpen desberdinen bilgune izatea du helburu Abaroak, eta eraikin txikitik irteteko erabaki honegaz, herriko mugimendu, ahots, eragile edo proposamen desberdin guztiak indartuta ateratzen dira, espazio bat irabazi baitugu denok», adierazi dute.2014ko udatik azarora bitartean, udalak bultzatutako Abaroa Biztu prozesuan parte hartzen egon dira herriko kultur eta kirol talde, eragile sozial, udal ordezkari eta herritarrak. Lekeitioren beharrizanetan oinarrituta, Abaroa gunea zertarako nahi zuten erabakitzen eta forma ematen egon dira denen artean. Gazte Asanblada bera ere hango parte izan da. «Partaide guztiok har- tu genuen konpromisoa, eztabaidan aukera guztiak zirela zilegi onartzeko eta eraikin txikiaren erabileraren inguruan hartuko zen erabakia adostasunez hartuko zela beti», azaldu dute. Eraikin txikiak, handiak eta lorategiak gune bakar bat, Abaroa gunea osatzen zuela ere erabaki zutela gaineratu dute. «Gune osoak herritarren beharrizanei erantzun behar die, eta, ondorioz, ez da ikusten erabilera murriztailerik. Espazio guztiak malguak eta erabilera anitzekoak izan behar dira, eta nahi duten talde guztiek izan behar dute sarbidea azpiegitura horietara».
Denentzat
Horretaz gainera, momentu honetan erabilgarri dagoen espazio bakarra eraikin txikia izanik, Abaroa proiektua handik abian jartzeko aukera baliatu beharra dagoela ikusten dute. «Hori horrela, eraikin txikiak Gaztetxe izaera galdu beharko luke, eta herritarren eskura dagoen espazio ireki bat bilakatu. Edozein kolektibok erabili ahalko luke aukera berdintasunean; eta herriarentzako ekimenak planteatu. Guztia Abaroa Asanbladaren bitartez kudeatuko litzateke».
Hurrengo erronka Abaroa Biztu asanblada bera aldi berrirako eraikitzea eta espazioak erabiltzen hastea izango dutela jakitera eman dute Abaroa Biztukoek. Hilabeteko azken barikuan batuko da asanblada.