Erregenetako asto probetako manta Bermeora eroan du Rafa Alegriak
Erregenetako asto probak lehiatu dituzte aurten ere Mendatan. Guztira, hamabi parte hartzaile izan dira, eta, horietan guztietan, Bermeoko Rafa Alegriaren astoak egin ditu untza gehien.
Maumeko Maioraren astoak sarri askotan lehenengo edo bigarren egin badu ere, aurten ezustean harrapatu ditu Mendatako asto probetan bildutakoak. Izan ere, untza gutxien eginda, sailkapen orokorrean azken sailkatu da Maumekoa.
Mendatako probalekua «nahikoa gogorra» dela azaldu du David Zabala Oilargane Mendatako Kirol Zaleak elkarteko kideak; hala ere, «nahikoa proba onak» egin zituzten parte hartzaileek bere ustez.
Lau egunetan hamabi astok parte hartu dute, eta, lehenengo hiruretan jende gutxi bildu bazen ere, azkenengoan jende kopuru aldetik «oso ondo» egon zela esan du Zabalak.
Herri kirol batzuen etorkizunari buruz «zenbait zalantza» dituzten arren, Oilarganekoak asto probak antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute, «50. aldirarte, behintzat».
Sailkapena
1. Rafa Alegria (Bermeo). 60 untza, 1/2 eta 0,45 metro.
2. Lobene (Gatika). 60 untza.
3. Egia (Mañu). 53 untza.
4. Ugalde (Mañu). 50 untza, 3/4 eta 1,05 metro.
5. Iker Legarreta (Bermeo). 50 untza, 1/4 eta 2,15 metro.
6. Saatxibar (Etxebarria). 49 untza eta 3,05 metro.
7. Jose Karmelo Ibarluzea (Etxebarria). 44 untza eta 1,36 metro.
8. Irazola (Mallabi). 40 untza.
9. Taberna zaharra (Gamiz). 39 untza eta 2,85 metro.
10. Zengotitagana (Mallabi). 38 untza eta 6,85 metro.
11. Igor Zubetza (Berriz). 28 untza, 3/4 eta 0, 13 metro.
12. Maiora( Maume). 24 untza eta 3,75 metro.