Foruko Atxondoa auzoko argien egokitzapena amaitu berri du Foruko Udalak. Horien arabera, «udalaren kudeaketa irizpideetan, ingurumena eta aurrezte energetikoaren alde egiten da. Horren baitan dago herriko auzoetako eta landa guneetako argiteria berrizteko proiektua». Hala, Atxondoa auzoko argiteria hobetzea izan da udalak duen proiektu orokorraren lehenengo jarduketa. Jakinarazi dutenez, 2015ean zehar ekingo diote gainontzeko auzoetako argiteria hobetzeari.
Jane Eyre Urkieta Foru alkateak azaldutakoaren arabera, «forutarrek herriko erdigunea partekatzen dugu, bertan batzen delako herriko atibitate sozio-kulturala. Hala ere, auzoetako bizi kalitateak erdiguneak bezalako garrantzia du gure gobernu taldearentzat. Argiteria hobetzeko lan hauekin, eraginkortasun energetikoa irabaziko dugu, eta baita, segurtasuna eta gure herritarren ongizatea ere».
«Atmosferara igortzen den CO2-a gutxituz eta argi kutsadura murriztuz», Foruan eraginkortasun energetikoa irabaztea dute helburu nagusi. Atxondoa auzoan egindako argiteria hobetzeko lanetan, 39 argi puntu ezarri dituzte. Modu horretan, energia elektrikoaren kontsumoa gutxitu egiten dela aipatu dute, Argiteriaren Instalazioetako Eraginkortasun Energetikoaren Arautegiak zehazten duenari egokituta, hain zuzen ere.
Lan horietarako inbertsioa 83.497,27 eurokoa izan dela jakinarazi dute udaletik, hala ere, Tokiko Agenda 21-aren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) diru laguntzak kudeatu dituztela azaldu dute.