18. postuan ailegatu da Txomin Arana Dakarreko zortzigarren etapara
Uyunin hasi eta Iquiquerako bidean, 18. postuan bukatu du Dakarreko zortzigarren etapa Txomin Arana Ereñoko moto gidariak. Quintanilla ailegatu da lehenengo helmugara, eta Aranak, berriz, 15 minutu eta 5 segundo gehiago behar izan ditu etapa burutzeko.
Bolivia utzita, Txileko kostalderantz abiatu dira gaur Dakarreko parte hartzaileak, hogeita hamarnaka. 3.000 metro baino gehiagoko garaierako bidea eduki dute gaurko etapan egiteke; 472 kilometro hasieran (Boliviako gatzagetan eta pistetan zehar), 270 kilometro ondoren (errepidez), eta, 40 kilometro azkenik (Iquiqueko dunetan barrena).
Nahasmen handiko etapa izan da gaurkoa; moto gidari askok bertan behera utzi dute lasterketa, eta beste zenbaitek denbora asko galdu dute. Marathoiko (helmugan laguntzarik eza) bigarren eguna izan da gaurkoa; izan ere, zazpigarren etapan egin zuten lehena, atzo.
Zapatuko atsedenaren ostean, «ondo» ekin zion Aranak Txile eta Bolivia arteko zazpigarren etapari, atzo. Baina erorketa baten ondorioz, ihes-hodia okertu zitzaion, eta, beraz, mototik jaitsi eta berau zuzentzeko lanetan jardun zuen. Gauzak horrela, hala ere, 26. postuan bukatu zuen zazpigarren etapa ereñarrak. Horrek sailkapen orokorrean 28. postura igotzea ahalbidetu zion.
Hainbat dira Dakar lasterketa eta Txomin Arana bera ere gertutik jarraitzen dutenak, eta hala dela erakutsi zuten asteburuan horietako askok. Izan ere, Gernika-Lumoko Ipar eta Ai Ene tabernetan bildu dira motorzaleak asteburuan, lasterketari eta ereñarrari buruzko iritziak elkarbanatzeko. Bertan bildutakoen arabera, «oso giro ona» sortu zen.
Zapatuan bukatuko dute moto gidariek Dakarra. Hilaren 24rako, berriz, ongietorria egingo dio Gernika Off Roadek Aranari. Elkarteko kideez gain, herritarrak ere izango dira bertan. Bazkaria egingo dute egun horretan, eta parte hartu nahi duenak Ipar tabernan erosi beharko ditu bertarako txartelak. Azken eguna hilaren 17a izango da.