Ur Partzuergoa Aulestin eta Munitibarren ur araztegiak ipintzea aztertzen ari da
Ur zikinak ponpatzeko arazoak dituzte Lea Ibarreko herri bietan. Munitibarren hasi eta Aulestira doan hodia egitea ezinezkoa dela ikusten dute, ingurumenean eragina izango lukeelakoBizkaiko Ur Partzuergoa Aulestin eta Munitibarren ur araztegiak ipintze...
Ur zikinak ponpatzeko arazoak dituzte Lea Ibarreko herri bietan. Munitibarren hasi eta Aulestira doan hodia egitea ezinezkoa dela ikusten dute, ingurumenean eragina izango lukeelako
Bizkaiko Ur Partzuergoa Aulestin eta Munitibarren ur araztegiak ipintzea aztertzen ari da. Bi herri horietatik ur zikinak ponpatzeko arazoak daudela ikusita, proiektua egitea aurreikusi du Ur Partzuergoak.Izatez, Munitibarren hasi eta Aulestira doan hodia egin beharko litzateke. Behin hori eginda, Aulestitik, Oletan (Amoroto) dagoen eta Lea ibaiko ur zikin guztiak biltzen dituen ponpaketa sistemara bideratu beharko lirateke bi herrietan bildutako ur zikinak. Baina sare hori eraikitzea ez da posible, ingurumen impaktua dela eta. Errealitate horren aurrean, Ur Partzuergoak Munitibarren eta Aulestin ur araztegiak eraikitzeko azterketak egitea aurreikusi du.
Aulestiko araztegia
Aulestiko araztegia herrigunetik iparraldera kokatuko litzatekeela jakitera eman du Ur Partzuergoak. Araztegia ipintzeaz batera, herriguneko urak biltzeko hodiak beste sare batera bideratuko lirateke, eta sare berri hori eraiki berri egongo den araztegira lotuta egongo litzateke.
Proiektuak 2,85 milioi euroko aurrekontua edukiko luke eta 2017rako eginda egongo litzateke. Aurrekontuaren zatirik handiena 2016an egingo liratekeen lanei bideratuko litzateke (2 milioi euro).
Aulestin egin modura, Munitibarren ere antzerako proiektua bideratzea aztertzen ari da Ur Partzuergoa. «Herriguneko ur zikinak biltzeko sarea berbideratu eta beste sare berri bati esker, ur araztegira bideratuko ziren».
Berriatua eta Ondarroa
Proiektu horiek, baina, ez dira Ur Partzuergoak Lea-Artibairako dituen bakarrak. Izan ere, Berriatua eta Ondarroa arteko ur bilketa sarea 2015. urtea amaitu orduko martxan ipintzea aurreikusi du Ur Partzuergoak. Asmo horiek errealitate bihurtzen badira, Artibai ibaiaren ur saneamendu sarea osotuta egongo da 2015 amaierarako.
Berri agentziek jakitera eman duenez, Berriatua eta Ondarroa arteko ur saneamendu sareak 2.100 metroko luzera edukiko du eta 1.200 milimetroko hormigoi kapagaz egongo da babestuta. Funtsean, sareak Berriatuko herriguneko ur zikinak jasoko ditu, Gardotza industriagunean ere bilketa egin eta Ondarroan eraikita dagoen sarera bideratuko ditu.
Proiektu hori da, hain zuzen ere, Bizkaiko Ur Partzuergoak Lea-Artibairako duen proiektu nagusiena; 11,2 milioi euro inbertituko ditu bertan 2017ra bitartean.