Euskal Ligako partiduak jokatuko dituzte bertoko zestalariek asteburuan
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak antolatuta, Euskal Liga hasiko dute asteburuan Euskal Herriko hainbat zestalarik; tartean, Busturialdekoek. Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuak ere hartuko ditu kirolari horien partiduak bihar bertan.
Kluben arteko txapelketa horregaz gozatu nahi duenak, gainera, doan izango du Jai Alaira joateko aukera.
Hiru partidu lehiatuko dituzte bihar, hain zuzen ere, Jai Alain. Gazteek eta nagusiek parte hartuko dute. 19:00etan hasita, gazteak izango dira kantxaratuko diren lehenak. Gernika-Lumoko Anderrek eta Xabatek Zumaiako zestalarien aurka neurtuko dituzte indarrak. Ostean, nagusien txanda izango da. Gernika-Lumoko Rokek eta Urtubik jolastuko dute bigarren partidua Zumaiakoen aurka. Azkenik, Gernika-Lumoko Xabik eta Lekek Berriatuko Antxon eta Arriolaren kontra lehiatu beharko dute, eta partidu horrekin bukatuko dituzte biharkoak.