Gabonetako oporren ostean hasiko dira Lazunarri moilako lanak
Lekeitioko Udala eta Eusko Jaurlaritza bildu egin dira, eta moila ondare izendatzea adostu dute. Lekeitioko EAJk konponketa lanek daramaten atzerapena kritikatu duLekeitioko Udala eta Eusko Jaurlaritza adostasunera ailegatu ondoren, Lazunarri moilako k...
Lekeitioko Udala eta Eusko Jaurlaritza bildu egin dira, eta moila ondare izendatzea adostu dute. Lekeitioko EAJk konponketa lanek daramaten atzerapena kritikatu du
Lekeitioko Udala eta Eusko Jaurlaritza adostasunera ailegatu ondoren, Lazunarri moilako konponketa lanek aurrera egingo dute Gabonetako oporren ostean. Abenduaren 30ean egin zuten bilera, Bilboko Garraio Saileko ordezkaritzaren bulegoan Lazunarri moilan egin beharreko lanen gaia bideratzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Garraio Saila, Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila eta Lekeitioko Udala batu ziren bertan.Lekeitioko Udalak azaldu duenez, udalaren eskaerak kontuan hartzea lortu dute: «Alde batetik, Lekeitioko arrantzaleek portura sartzeko eta portutik ateratzeko zituzten arazoei irtenbide bat ematea. Bestetik, ondare ikuspuntutik, hasieratik udalak egindako proposamenak kontuan izatea, hau da, gure herriko ondarea den Lazunarri moilaren egitura ahalik eta gehien errespetatzea. Eta azkenik, lege ikuspuntutik, proiektua berme guztiekin gauzatzeko, beharrezkoa den prozedura administratiboa jarraitzea».
Lekeitioko Udalak moilaren ondare izaera mantendu eta bere funtzioa betetzeko interbentzio minimoak egitea nahi izan du, eta horretarako Ondare Zentroan alegazioa jarri zuen. «Moilaren betiko itxura eta forma mantentzea izan da proposamena, osorik dauden zatiak mantentzea. Apurtuta ez dagoen zatia berreskuratzeko konpromisoa da hartu dena», azaldu dute.
Adostasuna lortuta, lanak falta den dokumentazioa bidaltzen dutenean hasiko direla zehaztu du udalak.
Oztopoak jartzen
Lazunarri islako moila konpontzeko lanak aspaldian hasita egon beharko litzatezkela adierazi du Lekeitioko EAJk, baina Lekeitioko Udalak obra ingurura joateko kamioien pasabiderako baimena ez duela eman eta obra gauzatzeko oztopoak jartzen ibili dela diote: «Eusko Jaurlaritzak baimen guztiak izan arren, udalak, lagundu beharrean, behin eta berriro Lekeition eta lekeitiarrentzat duen eragina jakinda, oztopoak eta aitzakiak jarri ditu Bilduk behin baino gehiagotan proiektu faraoniko bezala izendatu duen proiektu honi lehentasuna eman beharrean».
Udala, islako moilako zati bat ondare modura izendatzeko egin behar den prozedura administratiboa eta obra aurrera eramateko dituen eskumenak nahasten ibili dela ere aitatu du Lekeitioko EAJk: «Aitzakia bezela edo lau urte hauetan ez dutelako administrazioaren funtzionamendua ikasi», esan dute.
«Orain, badirudi, Bilduk bere gain hartu nahi duela obra hori aurrera eramatearen irabazia edo ardura, herriko ondarearen babesle bezala bere burua agertuz, baina ikusi besterik ez da egin behar nola dagoen herriko ondarea: Ondarzabal itsasontzia desegiteko tokian, Mendieta ontziola jausten eta Abaroa jauregia alde batera utzita», kritikatu dute Lekeitioko EAJkoek.