Gurasoak ere eskolara doaz
Allende Salazar ikastetxeko 300 aita-ama inguruk bat egin dute gurasoen elkarteak antolatutako tailerretan; adin tarte bakoitzean gai ezberdinak landuko dituzte.Seme-alaben heziketagaz kezkatuta, idea berritzailea izan zuten Gernika-Lumoko Allende Sala...
Allende Salazar ikastetxeko 300 aita-ama inguruk bat egin dute gurasoen elkarteak antolatutako tailerretan; adin tarte bakoitzean gai ezberdinak landuko dituzte.
Seme-alaben heziketagaz kezkatuta, idea berritzailea izan zuten Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxeko gurasoek. Allendeko Guraso Elkarteko presidente Iratxe Amezuari sortu zitzaion kezka, bere umearen tutoreagaz berba egiten. Bat-batean, gurasoek eurek ere eskola baten beharra izan zezaketela bururatu zitzaion, eta gainontzeko ama-aitekin hitz egin zuen: «Tailerrak egitea proposatu nien, talde txikietan batzeko eta parte hartzeko aukera ematen dutelako».Amezuaren ideiak erantzun ona izan zuela dio elkarteko presidenteorde Bego Omaetxebarriak. Azaldu duenez, kasuak eta gaiak modu sakonago batean aztertzeko egoki ikusi zituzten tailerrak. «Horrela, kezkatzen gaituena modu praktikoan jorratu dezakegu».
Adin bakoitzeko arazoak
Orain arteko hitzaldien formatutik alde egin, eta guraso guztiei zuzendutako eskola sortzeko lanean hasi ziren. «Horretarako, Itxaroa zentrora jo genuen, bertan pedagogoak eta umeekin esperientzia duten profesionalak daudelako». Adituekin batera sortu dute Guraso Eskola, eta haiekin batera zehaztu dituzte tailerretan landu beharreko edukiak. «Etxeko lanak, mugikorren erabilera, sare sozialak… Adin tarte bakoitzean umeek arazo batzuk edo beste izan ditzakete. Horregatik erabaki genuen tailerrak mailaka antolatzea». Umeak 2 urteko gelan dituzten gurasoengandik hasi eta Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitartean, maila bakoitzeko hiru tailer izango dituzte gurasoek, bi ordukoa bakoitza. Azaroan hasi dira lanean, eta maiatzera bitartean luzatuko da Guraso Eskola.
500 familia, 1.000 guraso eta 700 ume baino gehiago batzen ditu Allende Salazar ikastetxeak, eta 300 guraso daude eskoletan parte hartzen. «Baina gurasoek bakarrik ez, umeek ere badauzkate beraien tailerrak. Pedagogoen laguntzagaz, gu tailerretan gauden bitartean, gure seme-alabek musikaterapia, psikomotrizitatea egiten dituzte», azaldu dute.
Umeak ere tailerretan
Gurasoak eskola komunitatean sartzeko bide bat izan daiteke guraso elkartea; baina eskolako zuzendaritzagaz ere harreman zuzena eduki gurako lukete. «Umeak ere tailerretan egongo dira, eta beraiekin egongo diren adituek konpetentzia handia dute umeak aztertzeko, arazoak diagnostikatzeko…».
Baina sei orduko tailer batean, diagnostiko bat emateko tarterik ez dagoela diote. «Horregatik, ikastetxearen zuzendaritza taldeagaz harremanak indartu gurako genituzke; lotura bat sortu eta tailerretan antzeman daitezkeen arazoak umearen tutoreagaz partekatu; hark ere lagun diezagukeelako».