«Finalean gauden zazpi bertsolariok lagun izateak asko lagunduko dit»
Galletebeitia Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean egongo da bihar, Iratxe Ibarragaz eta Onintza Enbeitagaz batera. Gogotsu dagoela eta guztiaren gainetik gozatzera doala dio lekeitiarrak.Espero al zenuen finalean egotea?Egia esan ez nuen espero....
Galletebeitia Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean egongo da bihar, Iratxe Ibarragaz eta Onintza Enbeitagaz batera. Gogotsu dagoela eta guztiaren gainetik gozatzera doala dio lekeitiarrak.
Espero al zenuen finalean egotea?Egia esan ez nuen espero. Duela bi urteko txapelketan gauzak ez zitzaizkidan nik nahi modura atera, eta aurtengo txapelketa ilusio bereziagaz hasi nuen. Prestakuntzan ere gogotsu ibili naiz.
Aurreko txapelketa baino hobeto prestatu duzu aurtengoa?
Bai eta ez. Duela asko hasi ginen Gorka Ostolaza Potxis, Ander Elortegi eta hirurok txapelketa prestatzen. Mentalki bai prestatu dut hobeto; jarrera eta gogo aldetik, aurten askoz ere indartsuago egon naizela esango nuke. Hasiera batean nire helburua finalerdietara ailegatzea zen. Finalerdietan egindako lanagaz oso gustura geratu nintzen.
Beraz, finalerdiak gaindituta, hasierako helburuak bete zenituen.
Nahiz eta helburuak bete, gero, hortik aurrera, ahal dudan guztia eman dut. Lasai eta presio barik egin dut bertsotan finalaurrekoetan; ez nintzen jakitun saio ona egiten ari nintzela. Baina gero, puntuazioa ikusterakoan, sorpresa bat izan zen niretzat ere.
Zu zeu ere harritu egin zinen?
Bai. Oholtza gainean nengoenean ez nengoen oso gustura; nolabait esateko, ez nengoen ondo pasatzen. Ondorioz, ez nuen espero heldu naizen lekura heltzea.
Zer egin zaizu zailena?
Bizkaiko kanporaketa egin aurretik eskualdekoa egin genuen. Eta horretan, ez nuen nik nahi beste puntu atera. Nahikoa justu pasatu nintzen Bizkaikora. Eta hor, arantza bat geratu zitzaidan. Orain, Bizkaiko Txapelketaren finalera heldu ostean, arantza hori kendu dut.
Jakitun zara bihar non egongo zaren?
Neurri batean ez dut horretan pentsatu ere egin nahi. Baina jendeak behin eta berriz gogorarazten dit non egongo naizen. Momentuz, baina, horretan askorik ez pentsatzen saiatzen naiz; momentua gozatzen ari naiz. Gero, momentua heltzen denean, datorrena datorrela.
Urduritasunari zelan aurre egiten diozu?
Normalean, agurra bota ostean, bertsolariok baretu egiten gara. Zozketa-eta egiten denean urduritasun puntu hori egoten da, baina, gero, lasaitu egiten gara. Dena den, egunaren araberakoa izaten da.
Eta momentuz, lehiaketei dagokienez, urrunen ailegatu zara aurten. Ezta?
Bai. Nerea Ibarzabalegaz batera Plazatik Gaztetxera irabazi nuen, eta gero, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetan ere egon naiz, baina finalera ez naiz inoiz heldu.
Zer esaten dizu jendeak?
Egin dudanagaz harro egoteko esaten didate, pozik egoteko eta gozatzeko. Berotasun hori sumatu dut. Nori ez zaio gustatzen gauza onak entzutea? Ezagutzen ez duzun jendea zugatik poztu egiten dela jakitea sekulakoa da. Horrek bultzada ematen dizu.
Suposatzen dut kritikak ere berdin egingo dizkizutela.
Nola ez. Euskal Herrian bertso-epailerik ez da faltako. Nik, onerako kritikak badira, denak onartzen ditut. Bertsotan jakiteko entzuten ere jakin egin behar da. Hori da lehenengo legea.
Aurkariei dagokienez, zelan ikusten dituzu beste bertsolariak?
Pozik nago guztiok ezagutzen garelako. Finalean nigaz batera egongo diren zazpi bertsolariekin harreman ona daukat, eta ez diot inori ikararik. Uste dut asko lagunduko didala zazpi bertsolariok bertso-lagun izateak. Alde horretatik, lehiakortasunik ez daukagu. Jakin badakigu txapelketan gaudela, eta oholtza gainean gaudenean zer egin behar dugun. Dena den, momentu horren aurretik eta atzetik nahikoa giro ona daukagu gure artean.
«Aurtengo ezustekoa» izan zarela diote askok.
Askok esan didate hori. Nik ondo hartzen dut. Aurtengoa ezustekoen txapelketa zela esan nuen, eta nik horren parte izan nahi nuela gaineratu nuen; izan naiz, eta izaten jarraituko dut.
Eta txapela lortuko bazenu?
Ni oso errealista naiz, eta aukera hori hor badago ere, gauza asko pasatu beharko lirateke nik txapela janzteko. Lortuko banu, jantzi eta horrekin joango nintzen kalera.