Korrika, futbolean, saskibaloian edo beste hainbat kiroletan parte hartzen dute Lea-Artibai, Mutriku eta Buturialdeko herritarrek Gabon Zahar egunean. Urteari kirola eginez esaten diote agur askos eta askok, eta oraingoan ere, hala izango da, behintzat, Gernika-Lumon.
Izan ere, Ikas Bide txokoak antolatuta, seigarren kronoigoera egingo dute aurten Lumora.
Goizean barik, arratsaldean egingo dute aipatu lasterketa abenduaren 31n. Proba 16:00etan hasiko badute ere, parte hartzaileek 15:30erako egon beharko dute Ikas Bide txokoaren aurrean –Seber Altube Ikastola inguruan–.
Parte hartzaileek egunean bertan eman beharko dute izena, eta hori egiteagaz batera, bi euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko. Proba egin ahal izateko, bestalde, mendiko bizikleta eraman beharko dute parte hartzaileek. Mozorro onena ere sarituko dutela jakinarazi dute.
Urtea «ondo bukatzeko», beraz, Ikas Bide txokoak parte hartzera animatu ditu herritarrak. Eta, era berean, «urte guzti hauetan erakutsi duten konpromisoagatik» eskertu ditu kronoigoerako laguntzaile Basati Bike, Ospa taberna, Ipar tabernie, 2klik komunikazioa, Busturialdeko Hitza eta Peio Bilbao, Haritz Orbe eta Beñat Intxausti txirrindulariak.