Muruetako errepideak segurtasun puntu berriak ditu. Oinezkoek errepidea segurtasun osoz zeharkatzeko hiru puntu dituzte jada. Izan ere, orain dela bi urte Eleizalden jarritako semaforoari, Larrabe auzoan eta udaletxe parean pultsadore bidez funtzionatzen duten bi semaforo berri eta zebrabideak jarri dituzte. Datorren astean martxan izango direla jakinarazi du Muruetako alkate Jabier Ondarzak.
Muruetako alkatearen esanetan, «orain dela zazpi urte inguru errepidearen hobekuntzarako proiektua egin zenean, errepideko erdibitzaile berriekin, urteteko, sartzeko eta aurreratzeko puntuak aldatu ziren herria zeharkatzen duen errepidean. Orduan, alde batetik bestera zeharkatzeko puntu seguruak behar ziren, eta horiek egin barik geratu ziren. Eleizalden bai egin ziren zebrabideak baina behar besteko segurtasuna bermatu barik». Oinezkoen segurtasuna bermatu aldera, baina, errepideko hiru puntutan neurri gehiago behar zituztela uste zuten udaletik, hau da, zebrabideak eta pultsadore bidez funtzionatzen duten semaforoak.
Lehenengo pultsadore bidezko semaforoa, orain dela bi urte jarri zuten Eleizalden. Orain, berriz, Larrabeko autobus geltokian eta udaletxe parean jarri dituzte gainontzeko semaforo biak eta baita zebrabideak margoztu ere. Azken ikutuen faltan daudela azaldu du Ondarzak, eta horiek datorren astean martxan izango direla zehaztu du.
Arriskuak ekidin nahian
Zebrabideak soilik jartzeak «arriskuak» ekar litezkeela uste du Ondarzak, «oinezkoei ez ezik, ibilgailuei ere segurtasuna bermatu behar zaie. Argi gutxi dagoelako, pintura gastatu delako edota seinalaztapena nahikoa ez delako, zebrabidearekin bakarrik arriskuak sor daitezke. Horregatik, biak eskatzen genituen».
«Nahi baino gehiago» luzatu bada ere, Muruetako alkatea «pozik» agertu da, Bizkaiko Foru Aldunditik euren eskakizunak kontuan izan dituztelako: «batzuetan ezinezkoa da berehalako erantzuna ematea, baina aintzat hartzea ere eskertzekoa da».
Muruetako alkateak «beti zuhurtziaz» jokatzeko eskaera egiten die oinezkoei, «nahiz eta semaforoa berdez jarri, ibilgailua gelditu arte ez mugitzeko eskatu nahi diegu, kontu handiz ibiltzeko, alegia».