Bizkaiko kluben arteko esku pilota txapelketako finalak hartuko ditu Gernika-Lumok bihar
XXIV. txapelketa da aurtengo El corte Ingles Sari Nagusia, eta Santanape pilotalekuan jokatuko dute. Hain zuzen, 19:30ean hasiko dituzte partiduak bihar. Lehenak jokatzen 22 urte azpikoak izango dira.
Eskuz binakako partida horretan, iurretarrak Lemoakoen aurka ariko dira; hain justu, Elori-Otadui bikoteak Etxebarria-Etxebarria bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak Gernika-Lumoko pilotalekuan. Lemoakoen taldean, Aitor Etxebarria nabarniztarrak jokatuko du. Orain arte, Gernika-Lumoko Arkupe Pilota Taldean aritutakoa da Etxebarria; aurten, hala ere, Lemoako taldera joan da, bere mailan Bizkaiko atzelari hobeenetarikoa den batekin txapelketak jokatzeko.
Horiek bukatutakoan hasiko dute beste bi bikoteek beraien norgehiagoka. Nagusiek jokatuko dute bigarren partida hori: Adiskide eta Berriotxoa taldeek. Eta horien ordezkari izango dira biharko finalean, Elezkano eta Galarza, batetik, eta Azpiri eta Kastillo, bestetik.
Biharko partidura bertaratzerik ez duenak, telebistan ere ikusi ahalko du, ETB 4 kateak emango baitu zapatuan 12:00etatik aurrera.