Bermeoko eta Ondarroako portuetan lan egiten duten neskatilek eta enpakatzaileek jaso dituzte diplomak, guztira, 36 emakumek. Asteon jaso dituzte aipatu egiaztagiriak, Bilbon
Neskatilak eta enpakatzaileak diplomekin. Argazkilaria: Eusko Jaurlaritza
Bide luze baten ostean, Bermeoko eta Ondarroako portuetan lan egiten duten neskatilek eta arrain enpakatzaileek euren lana aitortzea lortu dute. Guztira, 36 emakumek, batetik, euren praktika eta esperientzia, eta bestetik, euren prestakuntza espezifikoa aitortzen dien egiaztagiriak jaso dituzte asteon. Hain zuzen ere,
Arraindegiko eta Arrantza zein Akuikulturako produktuen elaborazioko profesionaltasun egiaztagiriak banatu dizkiete.
Asteon Bermeoko eta Ondarroako neskatilek eta enpakatzaileek jaso duten egiaztagiri horrekin, kolektibo horren lana agerian jarri, arautu eta aldarrikatu nahi dela azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik. Horien gaitasunak egiaztatzeko prozesua Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak elkarrekin egindako lanari esker posible izan dela jakinarazi dute.
Portuan funtsezkoak
Arrantza ontzien funtzionamendurako funtsezkoak dira bai neskatilak zein arrain enpakatzaileak. Neskatilen jarduera nagusia baxurako arrantza ontziek harrapatutako arrainak deskargatzea da; enpakatzaileek, berriz, arrasteko arrantza ontziek harrapatutako arrainak sailkatzen dituzte, salmentan jarri aurretik. Profesionaltasun egiaztagiriak lortuta, «kolektiboari eragiten dioten arazoak agerian jartzeko ahaleginak egingo dituztela diote, izan ere, oraindik ez dizkiete gaixotasun profesionalak aitortu».