Zapatuan, Kate Sarea elkartea, Izaro Bikers motozaleen elkartearen laguntzagaz, beharrizana duten umeentzako jostailuak eta jakiak batzen ibili zen herriko kaleetatik. «Asko» batu dutela diote.
![IMG_0403](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2014/12/IMG_0403-300x199.jpg)
Beste behin ere, herritarrek erantzun dute. Kate Sarea elkarteak, Izaro Bikers motozaleen elkartearen laguntzagaz, kalerik kale jostailuak eta jakiak batu zituen zapatuan. Kate Sarea elkarteko presidente Mirenlur Santiagoren esanetan, «jendeak iazko modura parte hartu du, eta asko batu dugu».
Santiagok azaldutakoaren arabera, «atzo hasi ginen banaketarekin. Ormaza lantegi zaharrean pilatu ditugu bai jostailuak eta bai jakiak, eta handik ari gara banaketa egiten. Zapatura arte izango gara, 11:00etatik 13:30eara. Banatzeaz gain, oraindik batzen ari gara, hurbildu gura duenarentzat».
«Lotsa kentzea zaila da»
Beharrizana dutenen zerrenda bat dutela dio Santiagok, hala ere, jostailuak zenbat familientzako izango diren ezin duela zehaztu aipatu du. «Ez dakigu zerrendan daudenetatik zenbat hurbilduko diren, herritar askori asko kostatzen zaie hurbiltzea. Lotsa kentzea oso zaila da», dio.
Jostailuak batzeaz gain, jakiak batzen ere ari dira, batez ere, umeentzako. Asko batu badute ere, aste osoan herriko supermerkatu handietan zein denda txiki askotan bilketarako karroak jarrita izango direla esan du Santiagok. «Bizkaiko Elikagaien Bankua euren biltegia kudeatzen ari den bitartean, Kate Sareak bere aldetik kanpaina abiarazi nahi izan du, biltegia hutsik genuelako. Asteburuaren ostean, biltegia hobeto daukagu; umeentzako jakiak, esnea haur-oihalak eta txokolatea jaso ditugu beste askoren artean».
Beste behin ere, Kate Sare elkarteak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, «ahal duten heinean, laguntzeko ahalegin guztiak egiten ari direlako». Santiagok, bestalde, euren helburu bakarra «laguntza ematea» dela gogorarazi nahi izan du, eta «horretarako behar-beharrezkoa dugu herritarren laguntza», dio. Jakinarazi duenez, «zenbait enpresetako langileek ere dirua batu dute eta elikagaiak erosi dituzte guri emateko».