Bederatziurrena hasi dute Marijesi eta abendu neska-mutilek
Martitzen goizaldean hasi ziren Gernika-Lumoko Marijesiak errondekin, eta, bederatzi goizaldetan abesten ariko dira Gernika-Lumon. Lehen erronda Lurgorritik egin zuten Marijesiek, 9 graduko tenperaturarekin; eta, Fernando Astoreka bakarlari, 67 lagun b...
Ean, berriz, astelehen iluntzean hasi ziren kantuan abendu neska-mutilak. Hurrengo bederatzi egunetan 20:00etatik 21:00etara abestuko dute kaleetatik, eta hilaren 24ko goizean aterako dira azkenengoz.
Gernika-Lumon ere, abenduaren 24an egingo dute azken erronda. Aurten, lau bakarlari ariko dira koplei doinua ematen: Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Fernando Astoreka eta Jose Antonio Uriarte Itxaso. Urtero legez, goizaldean, 04:00etan hasi eta 06:00ak arte ibiliko dira kantuan.
Herriko txoko gehienetara ailegatzeko asmoa dute; horretarako, bederatzi egunetako errondak prest dituzte dagoeneko. Lurgorri auzoan egin zuten lehenengoa, eta leku berean ariko dira hilaren 19an, 21ean eta 24an. Errenteria auzoan, berriz, hilaren 17an, 20an eta 23an abestuko dute. Azkenik, Tiloetatik ibiliko dira kantuan abenduaren 18an eta 22an.
Marijesietako azken egunean, abenduaren 24an, diru bilketa egingo dute, ohi bezala, goizeko errondan. Batutako dirua Gambiako (Afrika) Camins Solidaris Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diote aurten.