Atxilotu dute Jone Amezaga, azoka egunean, azokan bertan. Ingurukoekin, gertukoekin kalean zela heldu dira ertzainak, kaleko jantzitako batzuk lehenengo. “Itzela izan da”, zioen edadeko andra batek, giroa baretu ostean. “Halako leku batera etortzea neska gazte bat atxilotzera, nik neuk motz ikusten dut. Gainera, ez du holakorik merezi, ez du inor hil”. Ikara gorputzean zuten atxiloketa unean ondoan zeuden postuetako andrek: “Sustoa gainean dut oraindik”. Beste emakumezko bat du ondoan, generoa berriro lekuan jartzen laguntzen: “Beste modu batera egitea bazegoen, ez horrela. Jakinez gero hemen dagoela, itxaron. Beraiek (poliziak) asko izan dira, eta binaka edo hirunaka bigilatu ahal izan dute, norantza doan ikusteko”.
Amezaga atxilotzera joan diren unean besarkada handi batean batu dira lagun eta hurkoak. “Pilatu egin dira denak; baina pilatu-pilatu. Aita ere beregana joan da besarkatzera, normala!”. Momentu horretan sartu dira ertzainak jende multzo horretara; denak, modu baketsuan, besarkatuta zeudenean. “Hemen ezin daiteke holakorik egin”– beste andra batek–, “ez da lekua izan, mahaiak ere apurtu dituzte. Esta muy mal, modu baketsuan atxilotu ahal izan dute”. Neskarekin azkenean zer gertatu den galdetu du andra horrek, eta ertzainek eraman dutela jakitean: “koitadua”.
Apurtutako postu baten aurrean zegoen edadeko beste andra batek salmahaiak babestek ibili dela kontatu du: “Sakaka ibili gara; beraiek harantza sakatzen gintuzten, guk honanatza”. Ertzainen aktuazioari buruz ere hitz egin du: “Ez dago eskubiderik. Neska bat horrela eramatea, ez dakit zenbat polizia etorri diren ere, hogeitazak. Beste modu batean eraman ahal izan dute, ez dago eskubiderik”.
Aurreko postuko mutilaren iritziz ere, ertzainen moduak ez dira egokienak izan. “Kaleko jantzitako ertzainek ezin izan dute Jone eraman, eta orduan beltzak agertu dira, eta kolpeka hasi dira”. Mahai guztiak mugitu dituztela azaldu du, eta produktuak lurretik ibili direla.
“Ertzainek holako karga bat egitearekin enago ados”–zioen beste baserritar batek, –”ez nago ados, baina inoiz ez”. Eta Merkatu plazan gertatukoa ere ez du begi onez ikusi: “Atxilotzeko beste modu asko daude; biolentzia ahalik eta gutxien erabilita, hobeto”.
Alde bakoitzak bere errua izango zukeela aipatzen zuen beste andra batek, “baina holakorik ezin daiteke egin merkatu plaza batean”. Zaurituak utzi ditu Ertzaintzaren aktuazioak, eta 95 urteko andra bat merkatu plazan bertan artatu behar izan dute, hankan zauri bat eta besoa apurtuta zuelako.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.