Goirizelaia: «Ertzaintzak erabaki du Amezagaren lan politikoa zigorgarria dela»
Polizia horrek auzian izan duen esku hartzea salatu du abokatuak. Auzia Auzitegi Konstituzionalaren esku dagoela esan du, eta zigorra bertan behera utz dezakeelaJone Amezagaren kontrako auzian izan diren irregulartasunak salatu ditu haren abokatu Jone ...
Polizia horrek auzian izan duen esku hartzea salatu du abokatuak. Auzia Auzitegi Konstituzionalaren esku dagoela esan du, eta zigorra bertan behera utz dezakeela
Jone Amezagaren kontrako auzian izan diren irregulartasunak salatu ditu haren abokatu Jone Goirizelaiak, familiarekin batera egindako agerraldian. Abokatuaren esanetan, Ertzaintzak auzian esku hartu du hasiera batetik. «Ertzaintzaren txosten baten ondorioz auzipetu zuten Amezaga, eta bere kontrako epaiketa zantzuetan oinarritu da».Orain, Amezaga atxilotzeko agindua Ertzaintzak berak eskatu duela jakin izan du abokatuak: «Erandioko komisaldegitik txosten bat bidali zuen, faxez, Auzitegi Nazionalera, Jone atxilotu behar zutela esanez». Amezagaren ibilbide politikoan oinarritu zen polizia eskaera hori egiteko: «Legezkoa den talde politiko batetan arduraren bat zeukala, eta horregatik atxilotu egin behar zutela». Hala, bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zezala, eta agindu hori beraiei helarazteko eskatu zion Ertzaintzak Auzitegi Nazionalari.
Ernai gazte erakundea aipatzen du Ertzaintzaren txostenak, eta, Goirizelaiak esandakoaren arabera, polizia berak egindako beste txosten batzuek diote Ernai erakundea guztiz legezkoa dela eta legez kontrako jarduerarik ez duela burutzen. «Ez dakigu zergatik, baina polizia Joneren lan politikoa ikertzen ibili da, jazarri egin du, eta Ertzaintzak berak erabaki du Amezagak burututako legezko jarduera politiko hori zigorgarria dela, eta horregatik kartzeleratu egin behar dutela».
Goirizelaiaren esanetan, larria da Ertzaintzak auzian izan duen esku hartzea. «Auzi honetako parte balitz legez jokatu du, eta epai betearazlea oinarri hartuta, Jone atxilotzeko baimena eskatu du». Aipatu du, gainera, Ertzaintza ez dagoela Auzitegi Nazionalak atxiloketa burutzeko aipatutako polizien artean. «Auzitegiak, atxilotzeko agindua ematean, ez du Ertzaintza aipatzen, baina Ertzaintza joan da Joneren etxera, hura atxilotzeko asmoz». Abokatuak dioenez, jokabide hori ulertezina eta onartezina da, eta azalpenak eskatu ditu. «Gaur egun bizi dugun egoera politikoa kontuan hartuta, hau guzti hau zertarako egiten duten azaldu beharko lukete; ez bakarrik familiari edo abokatuari, baita euskal gizarte osoari ere; gaur egungo kontestu politikoan jokabide hori ulergaitza delako».
Auzia, Konstituzionalean
Amezagaren kasua Auzitegi Konstituzionalaren esku dago orain, eta hark erabaki bat hartu bitartean Auzitegi Nazionalak Amezaga bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman izana kritikatu du. «Joneren [Amezaga] kontrako zigorra jakin genuenean helegitea jarri genuen Auzitegi Gorenean; eta hark helegitea atzera bota zuenean jo genuen Konstituzionalera». Eta Konstituzionalak erabakia hartu gabe duenean Amezaga atxilotzeko agindua indarrean dagoela nabarmendu du. «Helegitea tramitera onartua denean, eta zigorra hain txikia denean, normalena da bertan behera uztea. Ia kasu guztietan eman da», azaldu du Amezagaren abokatuak.
Halaber, Espainiako Auzitegi Nazionalean eskatu zuten Amezagaren zigorra bertan behera uzteko, edo, gutxienez, kartzela bestelako zigor batengatik ordezkatzeko. «Hori egiten da, legezkoa da, eta Jonek ere horretarako eskubidea du».
Bi auto, segidan
Hala ere, eskakizun horri erantzuna eman zion irailean auzitegiak, Amezagak zigorra bete behar duela eta bere burua kartzelan aurkezteko 10 eguneko epea zuela esanez. «Baina guk azaroaren 24an izan dugu epai horren berri», salatu du Goirizelaiak. «Joneri [Amezaga] jakinarzi nion, eta hurrengo egunean auzitegiaren beste auto bat hartu genuen, 10 eguneko epea bertan behera utzi eta Amezaga bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuela esanez».
«Amesgaiztoa»
Jone Amezagaren senideak ere izan ziren atzoko agerraldian. Haren ama Itziar Amezagaren esanetan, «hasieratik jokabidea ez da bidezkoa izan; hasieratik, guretzako amesgaizto bat izan da». Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera joateko jakinarazpena heldu zitzaionean, alabak zeri buruz deklaratu behar zuen ere ez zekiela dio amak. Zigorraren berri izan ostean ere, Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillo zigor hura isun bat eta lan sozialagatik ordezkatzeko prest agertu zela esan du, «eta gu horretan egon gara».
Hala ere, ezustean, egun batetik bestera, alaba bilatzeko eta atxilotzeko agindupean dela ikusi dute euren burua. «Ezin agurtu, ikasketak bertan behera utzi behar izan ditu, bere lana… Ezin izan du bere egoera zuzendu, ez egoera asimilatu ezta burua kokatu ere».
Pankarta bat jartzeagatik urte eta erdiz «kartzela zulora» bidaltzea ulertezina dela esan du Amezagak. «Batzuek ez dute nahi konfrontazio egoeratik Euskal Herri askea eraikitzeko eman behar den pauso hori eman. Beste alde batera begira daude, eta itsututa bizi dira, iraganeko mamuek harrapatuta».
Itziar Amezagaren ustez, baina, konponbide sasoia da, «eta Jonek, gure alabak, horretan sinetsi eta horren alde lan egin du». Bihar, 19:00etan, Gernika-Lumoko merkatu plazan egingo duten ekitaldian parte hartzeko deia egin du.