Libre bizitzeko hautua egin du Jone Amezaga errigoitiarrak, eta bide horretan aurrera egiteko, orain, Gernika-Lumoko herriak hartu behar du lekukoa. Asteburuan “amesten” zuten herri librea errealitate bihurtu dutela azaldu dute dinamikaren sustatzaileek, eta asteburuan sortutako baldintzak gernikarrok aprobetxatu behar dituztela esan dute. Deiene Bidaurretaren esanetan, “Urrats bat eman dugu, baina bidea luzea da, eta herri libre baterako baldintzak sortzen jarraitu beharra dago; bakoitzak bere eremuan, bere esparruan, ahal duen neurrian…”.
Euskal Herriko hainbat lekutatik heldutako ehunka lagunei esker, asteburuan Gernika-Lumon lortutakoa “itzela” izan dela esan dute gaur arratsaldean: “Herri baten ametsa errealitate bihurtu da. Gernika-Lumori bere bidea eraikitzen jarraitzeko baldintzak sortu dizkiogu; Jonek Gernikan libre bizitzeko ateak zabaldu ditugu”. Eta konpromisoz betetako lan horrek aurrera jarraitzen duela esan du, “Jonek berak egitarauan parte hartzetik bizimodu normala egiterako jauzia egingo duelako; eta, hori, zuei esker egingo du”. Beraz, orain arteko planak aurrera darraiela azaldu du Bidaurretak, “eta Jonek bizimodu libre bat egingo du gure herriko kaleetan. Berak hartutaako bidean aurrera egitea zuek egingo duzue posible”, nabarmendu du.
Gaur, eta aurrerantzean ere, Gernika-Lumok eremu libre izaten jarraitu behar duela esan dute, gaur goizean egindako asanblean. Horretarako baldintzak sortu dituztela, eta horiek mantentzearen garrantzia azpimarratu dute.
Gaur ere Gernika-Lumo jendez betetzea garrantzitsua dela esan dute asanblean, “egoera oraindik ere kritikoa delako”. Atxilotzeko arriskua hor dagoela ohartarazi dute, eta babesa, oraindik ere beharrezkoa dela.
Amezaga bera ere jendartean agertu da goizean, eta, esan duenez, sortu den babes handiari esker da libre. “Eskertu behar ditut ni libre bizitzea posible egin duten guztiak, eta aurrerantzean ere horretarako lanean jarraitzeko eskatu nahi diet”. Amezagaren adierazpenak gaur goizean (audioa)
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.