Ostalaritzan jardutako zortzi urteek badute aitortza: Euskadiko Estrella Galicia garagardo isurketa txapelketako bigarren saria. Izan ere, garagardoa era batera edo bestera zerbitzatzeak badu bere garrantzia. Hala dio, behintzat, Xabier Fresko (Mundaka, 1983) mundakarrak.
Asteburuetan edariak zerbitzatzen hasi zuen ostalaritzako bere bidea Freskok; orain, baina, eguneroko zeregin du. Duela zenbait urte bezala, garagardoak isurtzen jarraitzen du bezeroen edalontzietan Mundakako gazteak. Orain, hala ere, “hobeto” egiten omen du lan hori.
Garagardoa isurtzeko teknikak azaltzen dituzten bideoak noiz edo noiz ikusi dituela aitortu du Freskok, eta, sarri askotan, bezeroen gomendioak ere aditu omen ditu. Egunerokotasunak, gainera, barra atzean egoteak ere asko lagundu dio hobetzen.
Pazientzia, ezinbestekoa
Iaz piztu zitzaion mundakarrari garagardoak «ondo» isurtzeko interesa; hain zuzen ere, horiek edaten hasi zenean. Orain badaki: garagardoa ondo isurtzeko sekretua, sukaldaritzan legez, “denbora hartuz eta mimoagaz egitean datza”. Horregatik, mundakarrak uste du pazientzia ezinbesteko lan-tresna dela garagardoa ondo isurtzerakoan; izan ere, “alde handia dago azkar ataratako garagardo baten, eta denboragaz ateratako beste baten artean”. Eta alde hori, zaporean ez ezik, itxuran ere nabaria omen da; “batez ere, bitsean”.
“Alde handia dago azkar ataratako garagardo baten, eta denboragaz ateratako beste baten artean”
Ustez, garagardoa ateratzearena “gauza sinplea” dela iritzi arren, baditu bere sekretuak. Bitsaren kantitate egokiena, esaterako, ondo ateratako garagardo batek hiru zentimetroko bitsa izan behar duela azaldu du Freskok, gero, pertsona bakoitzak erabaki dezakeen arren. Bits horrek, gainera, krema erakoa izan behar duela nabarmendu du, “burbuila bakoa”.
Halaber, garagardoa ateratzeko makinak ere badu azken emaitzean zerikusia; alegia, presio gehiago edo gutxiagogaz isurtzeak. Eta tenperaturak ere ezaugarritzen du edalontziko produktua. “Txapelketan aipatu zuten, gainera, edalontzia garbitu beharrean, busti baino ez zela egin behar, hartara, likidoak irrist egin dezan”. Hori eginda, garagardoa ez dela apurtzen gaineratu du mundakarrak; izan ere, “ez da apurtu behar, garagardoa gutxinaka-gutxinaka atara behar da, eta gero bitsa gehitu behar zaio likidoari”.
Estrella Galicia garagardo isurketa txapelketako epaimahaiak, gainera, bestelako irizpide batzuk ere hartu zituen kontuan garagardo onenak aukeratzeko orduan; hala nola, isurtzeko estiloa, garbitasuna eta segurtasuna. Azken hori nabarmendu du Freskok; “urduri ikusten zituztenak baztertu egiten zituzten azkarrago, ahalkoldun edaria gaizki aterako zutelakoan. Egindako lanagaz lasaiago eta seguruago zeudenak, ostera, baloratu egiten zituzten”.
Mundakako gaztea lasai aritu zen, edo beste batzuek baino hobeto egin zituen gauzak; izan ere, 30 bat parte hartzailaren artean, txapeldunorde izendatu zuen epaimahaiak mundakarra. Sari horregaz “pozik”, Espainiako txapelketara begira da orain Fresko. Horretarako, baina, itxaron egin beharko du. Hain justu, 2015eko apirilean lehiatu beharko da beste hainbategaz batera, Madrilen.
“Txapelketan aipatu zuten, edalontzia garbitu beharrean, busti baino ez zela egin behar, hartara, likidoak irrist egin dezan”
Bilbon egin bezala, bertan ere, orain arte entzun, ikusi eta ikasitakoa jarriko du mahaigainean Freskok. Horri, gainera, nork bere trikimailuak gehitzen dizkio; edalontziaren inklinazioa eta edalontziaren kokapena, esaterako.
Trikimailuak trikimailu eta sekretuak seskretu, Bilboko helburu beragaz joango da Madrilera; alegia, ondo pasatzera, esperientziaz gozatzera eta zerbait ikastera.
Berak hori egin bitartean, “garagardo on” bat edatera gonbidatu ditu herritarrak, “garrantzitsua baita”.
Tankera horretako txapelketetan parte hartzen duen lehen aldia izan du Freskok; hala ere, aurrerantzean batean edo bestean parte hartzeko asmoa erakutsi du; “gaztea izanik, oraindik ikasteko astia dago-eta”. Ikasten jarraitzeko, hala ere, denbora nunbaitetik atera beharko duela jakin badaki.