'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua antolatu dute muxikarrek, etzirako
Onintza Enbeita, Uxue Alberdi, Alaia Martin eta Miren Amuriza ariko dira bertsotan. Sarrera erosten duen pertsona kopuruaren arabera, Ariatzako elizan edo eskolan egingo dute bertso saioaMuxikako Erdu Gazte Asanbladak Ez da kasualitatea bertso saio mus...
Onintza Enbeita, Uxue Alberdi, Alaia Martin eta Miren Amuriza ariko dira bertsotan. Sarrera erosten duen pertsona kopuruaren arabera, Ariatzako elizan edo eskolan egingo dute bertso saioa
Muxikako Erdu Gazte Asanbladak Ez da kasualitatea bertso saio musikatua antolatu du etzirako. Hain zuzen, aurten bigarren biderrez egingo dute saio berezi hori, iazkoak arrakasta handia izan zuela ikusita. Lehenengo ekitaldian bezala, oraingoan ere, emakumeek egiten duten lana bistaratzea izango da saioaren helburu nagusia.Bertsolaritzan ere, sarritan emakumeak albo batera uzten direla deritzote. «Plazetako bertso saioetan, esaterako, emakume gutxi ikusten dira kantuan» nabarmendu dute antolatzaileek. Hala, egoera horri buelta emateko asmoz hasi ziren antolatzen Ez da kasualitatea ikuskizuna. Bertso saioak, hortaz, aldarrikapena eta jai giroa uztartuko ditu.
Domekakoa ez da bertso saio normala izango. Izan ere, Onintza Enbeita muxikarrak, Uxue Alberdik, Alaia Martinek eta Miren Amurizak musikagaz lagunduta egingo dute bertsotan. Hain justu, Garikoitz Otamendik, Ixak Arrutik eta Eneko Sierrak jarriko diote musika saioari. Gai jartzailea Josu Goikoetxea gernikarra izango da.
Bertso emanaldi musikatua 19:00etan hasiko da. Bildutako lagun kopuruaren arabera, Ariatzako eskola izandako eraikinean edota elizan izango da ikuskizuna. Iaz, esaterako, 100 lagun inguru batu zituzten muxikarrek, eta eskolan nahikoa justu sartu zirela azaldu dute. Hala, kopuru hori gaindituz gero, ziurrenik elizan egingo dute bertso saioa.
Interesatuek aldez aurretik erosi ditzakete sarrerak, Muxikako Galtzada tabernan eta Gernika-Lumoko Ospa tabernan. Hain zuzen, gaur da txartela erosteko azken eguna. Nahi dutenek, hala ere, saioaren egunean bertan ere erosi dezakete sarrera, 6 eurotan.
Erdukoek jakinarazi dutenez, bestalde, herriko bertso eskolako kide gazteek ere aparte hartuko dute, gonbidatutako bertsolariekin egon daitezen. Gazteak bertsolariekin harremanetan jarriz, kantuan jarraitzeko gogoa piztu nahi dietela diote. Amaitzeko, bildutakoek txokolate jana egingo dute.
Iazkoa arrakastatsua
Iaz Ariatzan bildutako bertso zaleek primeran pasatu zutela esan dute antolatzaileek. Hala, aurten berdina pasatzea espero dute. Iazko saioaren arrakasta ikusita, gainera, lagun gehiago bilduko direla uste dute.
Jai giro ederrean elkartuko direla iritzita, Erdu Gazte Asanbladakoek parte hartzeko deia egin diete inguruko herritarrei, bertsoez eta musikaz gozatzeko.