Bermeoaldeko Behargintzak enplegu jardunaldiak antolatu ditu langabetuentzako
Langabetuei lana bilatzerako prozesuan laguntza eta aholkularitza eskaintzeko helburuz, Bermeoaldeko Behargintzak enplegu jardunaldiak antolatu ditu. Bi eguneko jardunaldiak izango dira eta bihar izango da lehenengoa.
10:00etatik 12:00etara izango da biharko lehenengo jardunaldia. Horretan, aldi baterako lan enpresetaz eta lana bilatzeko webguneetaz ariko direla azaldu dute. Bigarren jardunaldia, berriz, abenduaren 18an, eguenean, izango da 10:00etatik 13:00etara. Bigarren horretan, Linkedin eremu profesionalera zuzendutako esperientzia handiko sare sozialari buruzko azalpenak emango dizkie bertaratutakoei. Enplegu jardunaldiak Bermeoko Behargintzaren bulegoetan izango dira.
Behargintzatik azaldu dutenez, «egungo krisiaren ondorioz, egoera ezberdinak bizi dituzten langabetuak daude, horregatik askok zailtasunak dituzte lana bilatzerako orduan eta laguntza behar izaten dute». Hori dela eta, enplegu jardunaldi horiek, lan bilketa aktiboan interesa duen edozein pertsonari zuzenduta daudela diote. Hain zuzen ere, laneratze gaitasunak eta teknikak landuko dituzte.