Amankomunazgoko zaborren kontratua EAJk aldatu duela dio Bilduk
Batzar Nagusian EAJ alderdiak gehiengoa duela azpimarratu dute. Hondakin zerbitzuan izandako aldaketak kaletik eta komunikabideen bidez jakin dituztela nabarmendu du BildukLea-Artibai Amankomunazgoan gehiengoa duen EAJk «inori ezer esan barik» zaborr...
Batzar Nagusian EAJ alderdiak gehiengoa duela azpimarratu dute. Hondakin zerbitzuan izandako aldaketak kaletik eta komunikabideen bidez jakin dituztela nabarmendu du Bilduk
Lea-Artibai Amankomunazgoan gehiengoa duen EAJk «inori ezer esan barik» zaborren kontratua aldatzea erabaki duela argitu du Lea-Artibai eskualdeko Bilduk. Lea-Artibai Amankomunazgoko Batzar Nagusian EAJ alderdiak gehiengoa duela azpimarratu dute, eta lehendakaria ere EAJkoa dela.Zaborra biltzeko zerbitzua enpresa pribatu bati esleitu zion Lea-Artibai Amankomunazgoak, eta azaroaren erdialdera zerbitzua kudeatuko zuen enpresa aldatu eta bi langile kaleratu zituztela salatu zuen LAB sindikatuak.
Hondakin zerbitzuan izandako aldaketen berri kaletik edo komunikabideen bidez jaso dutela jakitera eman du Bilduk: «Egun batetik bestera enpresa batek zerbitzua emateari utzi eta beste bat horretan hastearen erabakia Amankomunazgoko lehendakariak hartu du, eta horren ondorioz, EAJk».
Lea-Artibai Amankomunazgoaren funtziorik garrantzitsuenetako bat hondakin zerbitzua izanda, «horrelako aldebakarreko erabakia» hartzea zelan den posible galdetu du Bilduk: «Zelan hartu du EAJk erabaki hori beste alderdiak kontuan hartu barik?», dio.
Azalpen zuzena
«El Correo egunkariak gai horretan eduki duen jarrera lotsagarria ere salatu nahi dugu», nabarmendu du Lea-Artibaiko Bilduk. Joan den abenduaren 3an El Correo egunkarian Lea-Artibai Amankomunazgoko albiste bat argitaratu zuten. Bertan, LAB sindikatuak hondakin bilketa zerbitzuan bi kaleratze egon direla salatzen duela adierazten zen. «Eskualdeko herri desberdinak osatzen dute Lea-Artibai Amankomunazgoa, baina albistean horietako hiru baino ez dira aipatzen, hain zuzen ere, Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemein. Gainera ondo azpimarratuta geratzen da herri horien udalak kudeatzen dituzten udal taldeak Bildukoak direla. Mankomunitateko lehendakaria EAJkoa dela ez da inon aipatzen», salatu du Bilduk.
Bi kaleratze egongo direla egia dela diote, baina era berean, egoera horren erantzukizuna nork duen adieraztea izan beharko litzatekela hedabide baten lana. «Herritarrei egia esatea eta ez manipulatutako kontakizuna, hori da komunikabideek egin behar dutena».
Egoera horren aurrean, Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria non dagoen galdetzen dute Bildukoek.