«Ofentsiba musikal honeri zuzeneko bira bategaz emango diogu jarraipena»
Zortzi kantu berri aurkituko dituzte entzuleek Oliba Gorriak taldeak Durangoko azokan aurkeztuko duen Garaipenera arte! disko berrian. Zortzi kolpe, zortzi amets, zortzi aldarri, zortzi irribarre, zortzi malko… Hortik haratago, berriz taldearen a...
Zer dakar ‘Garaipenera arte!’ diskoak?
Kapitalismoaren kontraesanak inoiz baino nabarmenagoak diren honetan, estatu frantziar eta espainiarraren krisi estrukturalak itzulerarik gabeko fase batean sarturik daudenean, herri, langile eta emakumeok etorkizuna geure eskuetan hartu eta emantzipazio integralerantz abiarazteko deia. Madrileko poesia erakargarriek noiz askatuko gaituzten zain egon beharrean, Euskal Herritik euskal herri langilearentzat prozesu konstituiente propioa garatzen hasteko oihua, matxinada!
Taldearen laugarren diska izango da. Oliba Gorrien betiko ibilbidetik dator ala berritasunak dakartza?
Musikalki garapen logiko bat isla dezakeela uste dugu, heldutasuna. Hitzei dagokienez, etsipenaren aurkako iratzargailua, iraultza integralaren dogmaren iparra, besaulkietan eserita eroso gaudenon kontzientziaren zama, demokrazia burgesaren bitartekoen alarma… Orain arteko ibilbidearen osagarritzat har genezake lan kolpe berri hau.
Urte batzuetan eskenatokietatik kanpo egon zarete. Zelakoa izango da itzulera?
2007ko abenduaren 6an Roda de Ter-en (Herrialde Katalanetan), konstituzioaren aurkako jaialdi batean jo genuen gure azken kontzertua, eta orain sei urtetatik isilik egon ostean, 2014an bi disko kaleratuz itzuli garenez, ofentsiba politiko-musikal berri honi 2015. urtean zehar gure mugetatik haratago hedatuko den zuzeneko emanaldien bira itxi batekin emango diogu jarraipena. EH astintzeaz gain, gure mezua, besteak beste, Herrialde Katalanetan, Galizan, Italian, Gaztelan, Alemanian… hedatzeko asmoz. Oliba Gorriak beti saiatu izan da bere kontzertuak emanaldi sinple bat baino gehiago izan daitezen, oldarraldi musikal, espektakulu bisual eta iraultza mezuei, subjektu komunikatibo izaki, jarrera eta balore jakin batzuk transmitituaz zuzenekoei osotasuna ematen, eta oraingoan ere horretan saiatuko gara.
Talde guztia berriz batera.
Ideien Guda gure abeslaria espetxean zela prozesu luze eta sinestezin baten ondotik gorpuztu genuen, ahotsik gabeen ahots bilakatu ziren 22abeslariren parte hartzeaz komunikazio gerrilla musikal metaketa izugarria erdietsiz. Eta urte berean kaleratzen dugun Garaipenera Arte! bigarren lan/kolpe berri honetan berriro ere, zorionez, gure ahotsa berreskuratuta gatoz.
Garaipenera Arte! jarri diozue izena disko berriari. Zer dago irabazteko?
…Karl Marx-ek zioen soilik kateak ditugula galtzeko eta mundu oso bat geneukala irabazteko! Hitz handia da garaipena herri, langile eta emakumeontzat egunero goseak 3000 heriotza garrasi sortzen dituenean, bi astean behin hizkuntza bat desagertzen denean, batazbeste munduko hiru emakumetik bat bortxatua denean, munduko bederatzi pertsonetatik batek gosea pairatzen duenean, munduko aberastasunaren erdia biztanleriaren %1-aren eskuetan dagoenean, esklabutza lan harreman bihurtu zaigunean, eta langabezia, pobrezia,gerra, zapalkuntza, umilazioa, indibidualismoa, mediokritatea, tristura, estresa… eguneroko ogi bilakatu direnean. Guk ez dugu orain modan dagoen ongizate estatuaren apologia egiten, guk eraldaketa subjektu izango den iraultza sozialistari abesten diogu, benetako demokraziaren ateak, soilik iraultza sozialista batek ireki ditzakeela deritzogulako.
Urte berean bi disko ataratzea ez da erraza.
Ez da ohikoena, baina, Ideien Guda hirugarren diskoarekin batera gure abeslaria kaleratu zenean, barne prozesu pertsonal eta kolektibo batetan murgildu ginen. Erritmo eta beharrizan pertsonalak errespetatuz, epe horretan OG-en zilegitasuna, eraginkortasuna, bilakaera logikoa, etab. mahai gaineratuz eztabaidarako. Prozesu emankor honen deliberazioen ondotik, Garaipenera arte! sortzea erabaki genuen, sorkuntza lan/kolpe berri bat kaleratu eta oholtza gainera itzuliz.
Ideien Guda autoedizioa izan zen. Garaipenera arte! ere era berean sortu duzue?
Guzti hau ez litzateke posible izango, Ideien Guda diskoa finantzatzeko Oliba Koop sortu eta proiektua ahalbideratu zuten 402 norbanakok eskainitako laguntza ekonomikorik gabe. Objetiboki datu ekonomikoak aztertuz, Oliba Koop gabe azken fase hau ezinezkoa litzatekeelako, azken lan hau kaleratzerako orduan ere jende guzti hori dugulako berme eta oinarri. Hau dela eta, diskoa 10 eurotan kaleratuko den arren, kooperatibistek 8 eurotan eskuratu ahalko dute Durangoko azokan Topatu eta Bilgune Feministarekin batera herri mugimenduaren sailean izango dugun stand-ean.
Ideien gudan 22 abeslariren parte hartzea izan zenuten. Oraingoan izan duzue kolaboratzailerik?
Apenas dago laguntzailerik, burujabe ginela adierazteko beharra genuen eta soilik Las Tea Party-ko kideek lagundu digute pasarte elektroniko batekin, ahaztu gabe gure lagun Yukoren ahots maitagarria noski!