Merkatu plaza berregituratu eta indartzeko lanak martxan jarri ditu udalak
Merkatu plaza indartzeko, berregituratzeko eta modernizatzeko programa jarri du martxan Lekeitioko Udalak, eta 30.000 euro inbertituko ditu horretarako.«2012an tekniko, merkatari eta ekoizleekin egindako Garapen Ekonomiko Hausnarketan adierazi bezala ...
«2012an tekniko, merkatari eta ekoizleekin egindako Garapen Ekonomiko Hausnarketan adierazi bezala bi erronka nagusi ditu merkatu plazak: Alde batetik, salerosketa gune izaera indartzea, bereziki bertoko produktuen espazioa zainduz, eta bestetik herritarren topaleku bihurtzea», azaldu dute. Horretarako merkatu plazaren dinamizazioa landuko dute: besteak beste, merkatu plazara ekoizle eta merkatari berriak erakarriz, egungo salmenta jarduerari jarraipen bat emanez, komunikazio plangintza bereizitua eginez, eta merkatuan bertan gastronomi eskaintzak bideratuz.
Herritarren topaleku
Bestalde, merkatu plaza herritarren topaleku bihurtzeko espazioaren eta zerbitzuen egokitzapena egingo dute. Bigarren solairua, gaur egun baserritarrak dauden gunea, espazio anitzeko gune bihurtu nahi dute. Ondorioz, neguko sasoian, herritar ororentzat zabalik egongo da arratsaldez. «Gunea babestuago eta seguruago izateko, bigarren solairuan ate berria ipini eta segurtasun neurriak hartuko dira», aurreratu dute.
Horrez gain, merkatu plazaren eraikina modernizatu eta txukuntze aldera, hainbat konponketa egingo dituzte: eraikina garbitu, margotu, seinalizazio egokia jarri, informazio gune bat ezarri eta solairuen sarrerak berriztuko dituzte.
Zentzu berean, udal-merkatu ordenantza berri bat ere lantzen hasi da udala. «Plazaren funtzionamendua gaur eguneratzeaz gain, postu bat lortzeko erraztasunak eskaini nahi dira, izan ere sei dira hutsik diren salmenta guneak», zehaztu dute.
Eusko Jaurlaritzako merkataritza sailetik 15.797,93 euroko diru laguntza jaso du udalak udal merkatuaren jarduera berpizteko.