Kulturzaleen topalekura, salto
Orotariko entzumen, ikusmen eta ukimenerako eskaintza dakar, beste urte batez, Durangoko Azokak, 245 saltokitan banatuta. 132 erakusle, 330 berritasun eta 150 ekitalditik gora egongo dira aukeran.Euskal Herriko belarri, begi eta esku guztien nahiak ase...
Orotariko entzumen, ikusmen eta ukimenerako eskaintza dakar, beste urte batez, Durangoko Azokak, 245 saltokitan banatuta. 132 erakusle, 330 berritasun eta 150 ekitalditik gora egongo dira aukeran.
Euskal Herriko belarri, begi eta esku guztien nahiak asetuko dituzten 330 berritasun izango dira aukeran kulturzaleen topaleku bilakatu den Durangoko Azokan; horien artean, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko sortzaileenak. Aurtengoa, 49. edizioa izango da, eta horregaz gozatzeko garaia iritsi da dagoeneko.Gaur zabalduko ditu ateak Euskal Herriko argitaletxeen eta diskoetxeen lanak ezagutzeko plazak, eta astelehenera arte, idazleek eta musikariek euren irakurle eta entzuleekin egoteko aukera izango dute. Halaber, lan berriak aurkezteko eta ezagutzeko ere baliatuko dituzte egun horiek euskal artistek. Herritarrek, bestalde, kultur eskaintza zabala edukiko dute eskura.
Erronkak gaindituta dator aurten, gainera, Durangoko Azoka; inoiz baino parte hartze handienagaz. Euskal Herriko idazle eta musikari horien artean, zalantzarik barik, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat sortzaile ere izango dira Durangon egunotan. Liburuen artean, esaterako, Alaine Agirre, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Maribel Aiertza, Miren Agur Meabe, Ana Urkiza, Mikel Etxaburu, Tasio, Agustin Zubikarai eta Patxi Juaristirena egongo dira. Diskoen artean, berriz, Kraussk, Gatibu, Keu Agirretxea, Oliba Gorriak, Markos Untzeta eta Kirmen Uriberenak izango dira.
Azken urteetan legez, lau egunetako egitarauagaz jarraituko du azokak. Hala, zortzi gunetan banatuta, izango da zer entzun, zer ikusi eta zegaz gozatu Durangon; besteak beste, aurkezpenak, emanaldiak, hitzaldiak, tailerrak eta beste hainbat egongo dira aukeran.
Aurkezpenen garrantzia
Durangoko Azoka liburuen eta diskoen salerosketarako azoka bezala ezaguna bada ere, geroz eta garrantzia handiagoa dute emanaldi, aurkezpen eta ikuskizunek. Ahotsenea eta Plateruena izango dute horietako askok agertoki, eta antolatuta dauden 150 ekitaldi baino gehiagoren artean, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko sortzaileek ere izango dute beraien tokia.
Hala, abenduaren 5ean, esaterako, Yolanda Arrietak Argiaren alaba lana aurkeztuko du 17:00etatik 17:30era, eta hurrengo egunean, berriz, Alaine Agirrek Odol mamituak eleberria aurkeztuko du 12:45etik 13:15era. Egun berean, gainera, Keu Agirretxeak KX proiektua emango du ezagutzera, 18:20tik 18:50era.
Hurrengo egunean ere jarraituko dute bertoko artistek beraien lan berriak ezagutarazten eta azaltzen. Beste hainbatekin batera, Ana Urkizak ere bere lana aurkeztuko du jendaurrean egun horretan 17:45etik 18:15era: Mamuak. 23:00etan, gainera, Gatibu taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango du Plateruenara bertaratzen denak.
Azokako azken egunean ere jarraituko dute ekitaldiek, eta egitarauaren parte izango dira, besteak beste, Kraussk taldearen eta Markos Untzetaren emanaldiak, 11:40tik 12:10era eta 13:00etatik 13:30era, hurrenez hurren.
Argizaiola saria, Aranari
Argizaiola saria emango du aurten ere, azokaren antolatzaile Gerediaga elkarteak, eta Angelun (Lapurdi) bizi den Anuntxi Arana izango da ohorea jasoko duena. Euskal mitologian hainbat lan idatzi egin dituen emakumea da; horien artean ezagunetarikoa da Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa tesia (1996). Gerediaga elkarteak azaldu duenez, Ipar Euskal Herrian euskaraz egindako lehen tesia defendatu zuen lapurtarrak. Hala, Aranak euskal kultura sustatzen egindako lana aitortuko du aurtengo Durangoko Azokak. Hain justu, bihar jasoko du aipatutako saria San Agustin Kultur Gunean.
Aurtengo herrialde gonbidatua, bestalde, Okzitania izango dela jakinarazi du Gerediagak. Horrenbestez, Durangoko Azokak herrialde horretako kultura eta hizkuntza propioa ezagutzeko aukera emango du. Bien arteko harremana oinarri hartuta jorratuko dute aurtengo egitaraua.