19:00etan, Gernika-Lumoko merkatu plazan egingo dute Errigoitiko gaztearen aldeko ekitaldia, eta parte hartzeko deia luzatu dute. Hainbat izan dira egunotan Jone Libre plataformak zabaldu dituen elkartasun mezuak eta keinuak, eta gaurkoan, elkartasunetik konpromisorako jauzia egiteko eskatu diete talde, elkarte eta norbanakoei. Merkatu plazan bat egiteko deia egin du Bizkaiko Sortuk ere.
Kartzelak hustu behar diren garaian arrazoi politikoengatik inor espetxeratzerik ez da onargarria, Sorturen iritziz. “Arrazoi politikoengatik diogu, argi daukagulako Jone Amezagari ezarritako zigor horrek ez daukala zer ikusirik pankarta horrekin”. Talde politikoaren esanetan, auzian Ertzaintzak izandako jarrerak agerian jarri du jarri dioten zigorra gazte mugimenduan egiten duen lana ezkutatzeko ahalegina baino ez dala; “begi bistakoa da batzuk ez dutela nahi gazteria konprometiturik. Bestela, prozedura guztia azkartzeko egin duten ahalegina eta epaileak bilatze eta atxilotze agindua eman dezan erabili duten ez-ohiko bideak zeri erantzuten dio?”, galdegin du.