'Aita Guria', herritar askorentzat ezezaguna
Interpretazio zentro bat baino gehiago da baleontzia; hainbat dira bertan antolatzen dituzten jarduerak. Bihartik hasita eta hilabete amaierara arte, gainera, egitarau zabala antolatu dute tailerrekin, dastaketekin eta ipuin kontalariekin.Ez du hasiera...
Interpretazio zentro bat baino gehiago da baleontzia; hainbat dira bertan antolatzen dituzten jarduerak. Bihartik hasita eta hilabete amaierara arte, gainera, egitarau zabala antolatu dute tailerrekin, dastaketekin eta ipuin kontalariekin.
Ez du hasierako itxura deigarria, bai ordea, atrakaleku berdina. Artza frontoiaren aurrean dago atrakatuta Aita Guria baleontzia, eta XVII. mendeko bale arrantzaren interpretazio zentroa da. Herritar guztiek dakite hor dagoela, baina gehienek oraindik ez dute barrutik ezagutzen.Bermeoko Ontzioletan egin zen Aita Guria baleontzia. XVII. mendeko baleontzien erreplika bat da: «tamainaz, ez da erreplika zehatza, arrantza-ontzi baten kroskoa erabili baitzuten baleontzia egiteko», dio Idoia Pertika baleontziko gidarietako batek. Barrutik, aldiz, bai bada erreplika zehatza; «garai hartako euskal baleontzien planoak erabili zituzten hau eraikitzerakoan».
Hiru hizkuntzatan
Baleontziak lau kubierta ditu. Bisita egiterako orduan, kubiertak banan banan bisitatzen dira biltegira heldu arte. Baleontziek zituzten gela desberdinak ezagutzeko aukera izaten dute bisitariek; kapitainaren gela, sukaldea, tronera gela eta biltegia, hain zuzen ere. Biltegian, gainera, hamabost minutu inguruko erreportajea ikusten dute bisitariek; lehenengo zati batean baleontzien historia kontatzen da, bigarrenean, berriz, Bermeoko ontzioletan baleontzia zelan egin zen ikusi ahal da. Ordenagailuen bidez ere, hainbat informazio jaso ahal dute bisitariek.
Bertaratutakoek, gainera, aukeran dute bisita bere kabuz egitea edota bisita gidatua aukeratzea. Bisita gidatua hiru ordu laurden ingurukoa da. «Gehienetan bisita gidatuak nahi izaten dituzte. Hala ere, ume txikiekin bisitan datozen askok beraien kabuz egitea erabakitzen dute», dio Pertikak. Baleontzian dauden informazio panelen bitartez jasotzen dute informazioa, «eta guk hemen, baleontziaren dendan, oinarrizko informazio bat ere ematen diegu, ibilbide batekin». Bisitak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egin daitezke, eta bi gidari arduratzen dira horietaz: Idoia Pertika eta Iraitz Zamalloa .
Tamainagatik «harrituta»
Bisitarien adinaren arabera, gauza bat edo beste izaten dute gustokoen Pertikaren arabera. Gehienak, hori bai, baleontziaren barruko tamainaz harrituta geratzen direla dio, «kanpotik ez baitu ematen horrelako espazioa duela. Batez ere, biltegira heltzen garen momentuan esaten dute askok, ez duela ematen bisitatzeko horrenbeste duenik. Guretzat desabantaila bat da jendeak pentsatzea ez dela ikusteko askorik egongo. Batez ere, itsasbeheran gertatzen da hori».
Kapitainaren gela eta biltegia ere gustoko izaten dituzte bisitariek. Kapitaina bera izaten dute zain haren gelan, eta biltegian, berriz, korta txiki bat dago zenbait animaliarekin. «75 lagun inguru joaten ziren baleontzietan eta bidaia luzeetarako jakiak behar zituzten», azaltzen du Pertikak.
Lehengora buelta
Itxura aldetik, egungo baleontziak ez du zerikusirik hasierakoarekin. Kolore biziak zituen orduan eta mastapaloek herritarren eta bisitarien arreta pizten zuten. Pertikak azaldu legez, «lehen, itxura ikusita soilik, bisitariek ezagutu egin nahi izaten zuten». Mastapaloak, baina, haize boladek bota zituzten eta kolorea ere ez da lehengora bueltatu. Bisitari kopurua ere, asko jaitsi da lehengoarekin alderatuta; «mastapaloekin datuak hobeak ziren. Urtean, 13.000 bisitari inguru izaten zituen baleontziak mastapaloak zituenean. Egun berriz, urtean 6.000 bisita inguru izaten ditu».
Hasierako Aita Guria baleontzira bueltatzeko asmoa izan badagoela dio Pertikak, «proiektua eginda dago, hor dago zain. Hala ere egungo krisi ekonomikoarekin, herrian lehentasun gehiago daude».
Urte eta erdian ateak itxita izan ditu interpretazio zentroak, portuko lanak iraun bitartean. Tarte horretan mantenu lanak egin zituzten; elektrizitate sistema aldatu, hezetasunak kaltetutako egurra berritu, eta margoketa lanak egin zituzten, besteak beste. Ondoren, uztailaren 1ean ireki zituen berriro ateak, udaldirako. Urtarrilean eta otsailean, berriro zarratuko dute baleontzia, «ez delako bisitaririk egoten hilabete horietan».
Aita Guria baleontzia interpretazio zentro bat baino gehiago da, hainbat dira bertan antolatzen dituzten jarduerak: tailerrak, dastaketak, ipuin kontalariak, hitzaldiak… Urtarrilean berriro ateak itxi orduko, esaterako, hainbat izango dira bertan egingo dituzten jarduerak, abenduan. Bestalde, herritarrak baleontzia bisitatzera eta ezagutzera animatu nahian, abenduaren 20an eta 21ean doako bisita gidatuak antolatu dituzte. Hamalau urtetik behera dituzten gazteek, nagusi batekin joan beharko dute bisitara. Euskaraz eta gazteleraz egin ahalko dira bisita gidatu horiek.