Bermeoko Udalak
Kabidxe izena jarri dioten Goiko Plazako gunea elkarteentzako eta herritarrentzako erreferentziazko gune soziala izateko hitzarmena sinatu du herriko hainbat talderekin. Hain zuzen ere, MB 2000 taldeak, Haitz Nagusijek, Sareginek Feministen elkarteak, Txikitzerik gurasoen taldeak, Besaldek eta Erdu Txo Gazte Asanbladak sinatu dute hitzarmena eta joan den asteko osoko bilkuran onartu zen Bilduren aldeko eta EAJren aurkako botoekin.
Gune horren erabilera eta etorkizuna Bermeoko Udalak elkarteekin eta herritarrekin definitu zuela azaldu du Josu Unanue alkateordeak, horregatik, haren ustez «ulertezina» da EAJk hitzarmen horren aurka bozka izana. EAJtik, bestalde, udal gobernu taldeak gaia lantzeko emandako «denbora eza» salatu dute.
2012tik 65 batzar
2012an BBK-k egoitza hori ixteko erabakia hartu zuenean, Bermeoko Udalak BBKrekin akordio bat sinatu zuen haren erabilerarako: «herri mugimendua eta boluntariotza bultzatzeko gune egokia litzakeela pentsatuta, udalak partaidetza prozesua abiarazi zuen, gune horren erabilera posibleak aztertzeko eta adosteko», azaldu du Unanuek. Hain zuzen ere, 65 batzar egin dituztela aipatu du eta prozesu horretan herriko elkarteek eta edozein herritarrek parte hartzeko aukera izan dutela gogorarazi du.
Parte hartze prozesuaren ondorioz, hartu du guneak ere izena:
Kabidxe. Gune horren helburuak honakoak izango dira: dinamika sozialak herriratzea, erreferentzi gune bihurtzea, taldeen beharrak asetzea, taldeen arteko harremanak lortzeko lekua izatea eta herritarren beharrak asetzea.
Unanuek, berriz, ez du ulertzen EAJk hitzarmenaren aurka agertu duen jarrera: «elkarte ezberdinek eta udalak parte hartzearen bidez bideratutako prozesu honen aurka agertu dira jeltzaleak, EAJko zinegotzi bat bera bez parte hartzeko prozesuko batzar batera ere etorri ez denean». Bere ustez, horien jarrera «onartezina» da, «tade sozialek antolakuntzarako espazio bat izatearen kontra agertzearenak, beste garai batzuetako jarrerak gogorarazten dizkigute».
Orain arte ere, hainbat izan dira gune horretan egindakoak: hitzaldiak, tailerrak, topaketak eta mahai-inguruak, besteak beste. «Guzti horren aurka al dago EAJ? hori ez da herriaren alde egitea», esan du Unanuek.
«Informazio manipulatua»
Bermeoko EAJk, bestalde,
Kabidxe gune sozialari buruz Bermeoko Udalak argitaratu duen «informazio manipulatua eta interesatua» salatu nahi izan du. Jeltzaleek jakinarazi nahi izan dute, hitzarmenari ezetza eman ziotela «gobernu taldeak gaia lantzeko denborarik eman ez antzeko denborarik eman ez zietelako».
Jeltzaleek argi utzi nahi dute «EAJ ez dela sekula
Kabidxe moduko erreferentziazko gune sozialen kontra aurkeztu». Arazoa, baina, horien arabera, «Bilduk administrazioan darabilen errespetu gabeko prozedura diktatorialek sortzen dute».
Hitzarmen horri buruzko informazioa osoko bilkura baino ordu batzuk lehenago izan zutela diote EAJtik. «Gaiaren sakontasuna zein zen ikusita, proposamena aztertzeko denbora eskatu genuen, baina gure eskaerari kasurik egin ez eta gai zerrendan mantendu zuten gaia. Hamabosta barru egingo den udalbatzarrerako uztea eskatu genion, ez zuten eskari hori onartu, eta azkenean, beraien aldeko botoekin aurrera jarraitu zuen hitzarmenak», diote.
Gauzak horrela, EAJ Kabidxe proiektuaren aurka agertu dela «saltzea» salatzen dutela esan dute jeltzaleek. «Errespetua» eskatuta, «prozedurak errespetatzea» eskatzen diote Bilduri, «oinarrizkoa baita erabakiak adostasunez hartu ahal izateko».