Kartzelan erasoa jasan ostean, moduluz aldatu dute Ibon Iparragirre
Alcala Mecoko seigarren moduluan dago orain preso politiko ondarrutarra. Zauri arinak dituela jakinarazi dute senideek: buruan kolpe eta urradurak eta gorputzean hainbat golpe dauzkaMartitzenean Alcala Mecoko espetxean (Madril, Espainia) jipoia jaso os...
Alcala Mecoko seigarren moduluan dago orain preso politiko ondarrutarra. Zauri arinak dituela jakinarazi dute senideek: buruan kolpe eta urradurak eta gorputzean hainbat golpe dauzka
Martitzenean Alcala Mecoko espetxean (Madril, Espainia) jipoia jaso ostean, Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra moduluz aldatzea erabaki dute; bosgarren modulutik seigarren modulura aldatu dute Iparragirre. «Moduluz aldaketzearen helburua jipoia eman zion presoagaz topo ez egitea da», adierazi du Angelita Burgoa presoaren amak.Iparragirreren osasun egoerari dagokionez, eguaztenean Alfontso Zenon abokatuak kartzelan bertan presoagaz egoteko aukera izan zuela jakitera eman dute Iparragirreren senideek. «Ordubete inguruko elkarrizketan nahikoa lasai eta argi aurkitu zuen. Pentsa baino hobeto», gaineratu dute.
Familia lasaiago
Erasoa jaso ostean, buruan urradurak eta golperen bat edo beste ditu Iparragirrek. Horrez gain, gorputzeko hainbat tokitan ubeldurak dituela ere jakitera eman dute haren senideek. «Espero genuena baino zauri gutxiago ditu. Horrenbestez, lasaigo gaude. Ez du ezer hautsita, hori da garrantzitsuena orain».
Ondarroako presoak ikusmen arazoak ditu, eta nork eraso zion argi ikusi ez bazuen ere, kartzelako arduradunek erasotzailea identifikatu dutela adierazi dute haren senideek. «Erasoa gertatu zen unean, inguruan beste hainbat preso zeuden, eta gertakaria hurbiletik ikusi zuten. Orain, jasotakoaren inguruan hartu beharreko neurriak hartu beharko dira».
Atzo, 17:30ean inguruan, Alcala Mecoko kartzelatik telefonoz deitu zion Iparragirrek amari. Bost minutuko deian, oraindik ere minez zegoela esan zion. «Min gutxiago duela esan dit, baina oraindik ere minez jarraitzen du. Aurretik gehiago izan duela ere esan dit. Orain, hobeto eta lasaiago dago, eta horrek ere asko lasaitu gaitu. Gainera, moduluz aldatuta, jipoia eman ziotenak ez ditu ikusiko».
Bi erasotzaile
Amaren berbetan, hasiera batean preso ondarrutarra beste preso batek erasotu zuela pentsatzen bazen ere, bi izan zirela baieztatu dela nabarmendu dute. «Hori azpimarratu dit gaur arratsaldeko deian. Iboni martitzenean eraso egin ziona, ez zen pertsona bakarra izan, baizik eta bi baino. Batek buruan jo zuen eta besteak lurrera bota ostean, gorputzean kolpatzen hasi zitzaizkion, behin eta berriz. Ingurukoak tartean sartuko ez balira, auskalo zer gertatuko litzatekeen. Eskerrak jendeak laguntza eman zion».
Erasoa jasan eta gero, Iparragirreri bere moduluko beste hainbat presoren argazkiak erakutsi zizkiotela kontatu du Angelita Burgoak. Hark esan duenez, «bakarra identifikatzea lortu zuen».