Nestor Basterretxearen lana omenduko du Euskal Zine Bilerak
Gaur eskainiko diote Euskal Zinearen Begirada Nestor Basterretxeari (1924 - 2014). Bere heriotzaren urtean, Nestor Basterretxea zinegile, eskultore eta margolaria omentzea erabaki du Euskal Zine Bilerak, eta aurten sortu berri duten saila aukeratu dute...
«Euskal zinemagintzako sortzaile bat gertutik ezagutzeko tartea hartuko dugu hemendik aurrera», azaldu dute. Euskal Zinearen Begirada deitu diote atal berriari. «Sortzaile bat omentzea du helburu eta horrekin batera bere zinemagintzako jardunbideari errepaso bat egitea», aurreratu dute. Horrela, gaur, 19.00etan, Ion Lopez Euskadiko Filmategiko Zuzendari Kontserbatzaileagaz eta Aitor Abaroa kazetari eta zinezaleagaz batera, Basterretxearen inguruko solasaldia egingo da Ikusgarri aretoan, eta ondoren, zinemagilearen Ama Lur filma pantaila handian ikusteko aukera izango dute zinamazaleek.
Ama Lur 1968an Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek zuzendutako filma da, eta Euskal Herriko zinemagintza modernoaren abiapuntu eta lehen urratsa dela diote adituek. «Euskal Herriaren inguruko balio etnografiko handiko filma da, Ama Lur Euskal Herriari egindako kantua», azaldu dute EZBko antolatzaileek.
Nestor Basterretxeari begira jartzeaz gainera, oroigarri berezia emango diete senideei. Horrela, Euskal Zinearen Begirada ikurra eskainiko zaie zapatuko amaiera ekitaldian.