Araban egin zuten azaroaren 13an egun osoko lanuztea, eta Gipuzkoan azaroaren 20an. Gaur, Osakidetzan lan egiten duten Bizkaiko langileak deitu dituzte sindikatuek 8 orduko lanuztea egitera, goizeko eta arratsaldeko txandetan.
Gaurko deialdia ere arrakastatsua izan dela esan du LABek. Sindikatu horrek jasotako informazioen arabera, osasun zentro askotan zerbitzu minimoak bakarrik izan dira lanean, eta baten bat erabat itxi duela adierazi du, Bilboko Altamirako zentroa kasu. Bestalde, ospitaleetan ere erantzuna handia izan dela dio Osakidetzak (masiboki zelari, eginkizunetako eta mantenimenduko pertsonalaren artean) eta zenbait zuzendaritza “estu eta larri” ibili diraela. Gurutzeta ospitaleko kasua aipatu du LABek, non zuzendaritzak onartu egin duen FIVTEko (fertilitate kirofanoa) pazienteen oheak familiakoek eurek eraman behar izatea gelaraino.
Zenbait zentrotan estu eta larri ibili dira”
Astelehenean batu zen mahai sektoriala, eta proposamen seriorik ez egitea leporatu diote sindikatuek Osakidetzari. LABen ustez, gainera, akordio batera ez heltzeko arrazorik ez dago: “PNVk Ertzaintzaren EPEarekin aurrera egiten badu, eta beste administrazio batzuetan akordioak lortzen badituzte, ez dugu ulertzen zergatik ez duten berdin jokatzen Osakidetzan”.
Osakidetzak hilaren 24ko batzarrean proposatutako lanpostu berrien kopurua ez- nahikoa dela esan du SATSE sindikatuak, eta ebentualtasuna handitu besterik ez dela egingo. Barne promoziorako plaza gehiago eskaintzeko eskatu dio sindikatu horrek Osakidetzari, baina azken horrek ez du onartu. Barne promoziorako lanpostuak handitzeak lanpostu publikoen plazak ere handitzea ekarriko lukeela dio SATSEk. Gainera, langileei finkotasunik ez emateak gastua handitzen duela salatu du; urtean bi milioi euro gehiago gastatuko duela Osakidetzak, behin-behineko kontratuarekin daudenen langabezia kotizatu behar duelako.
Oro har, lanuzteak deitu dituzten sindikatu denek kritikatu dute Osakidetzaren jarrera. ELAren iritziz, asteleheneko mahai sektorialean deialdi publikorako plazak 474 barik 484 izango direla esatean langileei “burla” egin die Osakidetzak.
Dialdi publirako plazak 474 barik 484 izango direla esatea burla egitea da”
Osakidetzaren arabera, bestalde, langileen %8,1 izan da gaur lanuzteekin bat egin duena. Dioenez, zerbitzuak normaltasunez lan egin dute, eta, sindikatuengana hurbiltzeko ahaleginak egin arren, horiek mugak baino ez dituztela jartzen esan du Jose Maria Armentia Giza Baliabideetako zuzendariak.
Azaroaren 6an hasi zituzten Osakidetzako langileek mobilizazioak.
Lau orduko lanuzteak egin zituzten hiru herrialdeetan, eta greba askatasuna urratzea zein zerbitzu minimoak handitzea leporatu zioten Osakidetzari. Sindikatu denek deituta –LAB, ELA, ESK, UGT, CCOO, SATSE eta medikuen sindikatuek (SME-FHH)–, lan baldintzak hobetzeko eskatu gura dute, eta negoziazio mahaian benetako proposamenak egitea.
Diotenez, sindikatuok markaturiko gutxieneko puntuak ez zituen jaso Osakidetzak astelehenean egin zien proposamenak.”Jardunaldia orain dagoen moduan uzteko proposatu du, balizko epe bat aipaatu du 2016rako, Garapen profesionala 2016tik aurrera…”. Akordio baterako oinarririk ez dagoela diote sindikatuek, eta mobilizazioei eutsiko dietela, lan baldintzen eta osasun sistema publikoaren defentsan. Abenduaren 4rako 24 orduko greba orokorra iragarri dute, Osakidetza osoan.