Santa Katalina zabalik, jai egunerako
Zapatuan hasi zituzten ospakizunak bakailao txapelketagaz; hamahiru kazola aurkeztu zituzten, eta epaimahaiaren arabera, 'txulalai' izeneko kazolak zeukan bakailaorik gozoena.Santa Katalina baseliza konpontzeko lehenengo lanak egin ostean, zabalik egon...
Zapatuan hasi zituzten ospakizunak bakailao txapelketagaz; hamahiru kazola aurkeztu zituzten, eta epaimahaiaren arabera, ‘txulalai’ izeneko kazolak zeukan bakailaorik gozoena.
Santa Katalina baseliza konpontzeko lehenengo lanak egin ostean, zabalik egon zen atzo mundakarrek Santa Katalina santuaren eguna ospatzeko. Izan ere, azaroaren 4an, tximista batek jota, baselizako kanpandorrea apurtu zen.Gotzaindegitik jakinarazi dutenez, hainbat izan ziren tximista hark sortutako kalteak: «Kanpandorrea ia osorik suntsitu zen, horma horretako harriek, gainera, eraikinaren estalkia eta inguruak hondatu zituzten, eta baselizarako eskaileretarako baranda metalikoa ere apurtu zen. Bestalde, tximistaren indarragaz burdinezko kurutzea apurtuta agertu zen, eta kanpaia lurrean aurkitu zuten, apurtuta». Lehenengo konponketa lanak egin dituzte, eta kanpandorrea berreraiki dute; eta kurutzea eta kanpaia dagoeneko bere lekuan ipini dituztela azaldu du Gotzaindegiak.
Hala, atzo, Santa Katalina santuaren egunean baseliza eta haren inguruak erabili ahal izan zituzten ospakizunetarako. Hala ere, oraindik, konponketa lanak amaitu barik daudela adierazi du Felix Mari Iturriaga monumentu-ondarerako elizbarrutiko arduradunak, «tximistak baselizan eragindako kalte guztiak konponduko baitira». Lanok egiteko 34.773 euro behar izan dituztela azaldu dute.
Bestalde, tximistak kaltetutakoak konpontzeaz gain, laster, eraikinaren hobekuntzarako beste zenbait lan egingo dituztela jakinarazi dute. Besteak beste, baselizako eta sakristiako teilak eta erretenak aldatuko dituzte, eta tximistak jo orduko apurtuta zegoen kanpaiaren uztarria ere konponduko dute. Horiek egiteko, 33.000 euro beharko dituzte, eta parrokiak ordainduko ditu.
Bakailaoa lehian
Santa Katalina eguna atzo ospatu bazuten ere, zapatuan bakailao txapelketa egin zuten Mundakan. Hamahiru kazola aurkeztu ziren txapelketara eta bakailaorik onena Txulalai kazolarena izan zen, epaimahaiaren arabera. Atzo, Santa Katalina ingurura eroan zuten jai giroa, meza eta umeentzako jolasak izan ziren besteren artean.