Hondakin organikoak atez ate jasotzen hasiko da Ondarroako Udala
Astean hiru goizetan jasoko dituzte edukiontziak: astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan. Egitasmo berria proba pilotua izango dela nabarmendu du udaleko ingurumen batzordeakOndarroako Udala atez ate hasiko da biltzen hondakin organikoak.Udalak ast...
Astean hiru goizetan jasoko dituzte edukiontziak: astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan. Egitasmo berria proba pilotua izango dela nabarmendu du udaleko ingurumen batzordeak
Ondarroako Udala atez ate hasiko da biltzen hondakin organikoak.Udalak asteon aurkeztu du hondakin organikoa etxez etxe jasotzeko egitasmoa. Herritarrek interes handiagaz jaso dute albistea. Dagoeneko jendea izena ematen hasia dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Izena emateko 94-683 36 74 telefonora deitu edo idazkaritza@ondarroakoudala.net posta elektronikora idatzi beharko da.
Egitasmoan izena ematen dutenek ikastaro bat jasoko dute zalantzak argitzeko. Bestalde, udalak atari bakoitzeko bizilagun guztiei eskutitz bat bidaliko die, euren etxe atarietan edukiontzi marroiak ikusten hasiko diren zergatia azaltzen.
Soberakin guztiak
Etxeetan banatuko diren edukiontziak tamaina ezberdinetakoak izango dira, norberaren beharrizanen arabera. Era berean, edukiontzi guztiek itxitura berezi bat dutela aurreratu dute, «animaliek ez irekitzeko modukoa».
Astean hirutan jasoko dira edukiontzi marroiak: astelehen, eguazten eta bariku goizetan.
Jateko soberakin guztiak jasoko dira edukiontzi marroietan. Okela, arraina, barazkiak, prestatutako edo prestatu bariko edozein janari bota ahal izango da. Lortzen den konposta guztia udala Larruskainen landatzen ari den basoan erabiliko da ongarri modura.
Martxan ipini berri duen egitasmoa proba pilotua dela nabarmendu dute. Jendeak organikoagaz edukiko duen esperientzia hurretik ikusi nahi dute, eta gerokoan, «informazio, emaitza eta datu errealak esku artean izanda», hondakin bilketa berria ezartzerako orduan erabakigarria izan daitekeela uste dute.