Artea eta bakearen nazioarteko topaketak hartuko ditu Gernikak
Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak, Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko aztertegiak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeak antolatuta, Artea eta bakearen VI. Nazioarteko topaketak egingo dituzte Gernika-Lumon zapatuan, azaroaren 29an.
Gaur hasi dituzte topaketak Bakearen Hizkuntza, Bakearen Hezkuntza lelopean Bilbon. Bertan, Zibilizazioen arteko elkarrizketa izeneko erakusketako poesien errezitala egin zuten, La Bolsa zentroan.
Literaturaren ekarpena
Zapatuan jarraituko dute, beraz, topaketekin Gernika-Lumon. Hala, goizean hasi eta gauera bitarteko egitarauagaz, literaturak –eta bereziki, poesiak– bakearen hezkuntzan izan duen ekarpena aztertuko dute. Horretarako, lan mintegia egingo dute eguerdi partean, besteak beste. Arratsaldea, berriz, Bakearen Museoko eta kultur etxeko erakusketetara bisita egiteko aprobetxatuko dute. Bukatzeko, errezital poetikoarentzako tartea hartuko dute.
Ekintza horiekin guztiekin, «poesia eta bakearen hezkuntzaren arteko esperientzia eta komuneko lengoaiak sustatu eta lan ildo berriak zabaldu» nahi dituztela azaldu dute topaketetan antolatzaileek; hartara, «memoria, bizikidetza eta giza eskubideen gaiak jorratu ahal izateko».
EGIATARAUA, AZAROAK 29.
– 12:00etatik 14:00etara, lan mintegia: Artea eta bakearen esparruan, unibertsitateak, poetek eta erakunde antolatzaileek egiten duten lana eta proiektuen azalpena. Euskaraz izango da, Gernika-Lumoko Bakearen Museoan. Poetak: Ricardo Arregi, Leire Bilbao, Itxaro Borda eta Harkaitz Cano; MHLI ikertaldea UPV/EHU: Mikel Ayerbe, Lourdes Otaegui, Pio Perez; Etxepare institutoa: Maria Jose Olaziregi.
– 17:30etik 18:30era, bisitaldia Zibilizazioen arteko elkarrizketa erakusketara, Gernika-Lumoko Bakearen Museoan.
– 18:00etatik 18:30era, bisitaldia Ex!Poesia aldi baterako erakusketara Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
– 19:00etatik 20:30era, errezital poetikoa Hibai Etxebarria pianojoleak lagunduta. Elai-Alai aretoan.