Goma gaineko 2014ko Euskadiko 4×4 sokatira txapelketa jokatu dute asteburuan Nabarnizko probalekuan. Azaroaren 8an Alonsotegin (Bizkaia) eta azaroaren 15ean Ezpeletan (Lapurdi) jokatutako sokatira jardunaldietako puntuak batuta, sei talde ailegatu ziren txapelketako finalera zapatuan. Hain zuzen, 320 kiloko finalean Ibarra A taldea nagusitu zen zapatuan, eta bere atzetik egin zuten gainontzekoek: Baigorri, Ibarra B, Ñapurrak, Murueta A eta Murueta B, hurrenez hurren. Emakumezkoek, berriz, 260 kiloko bigarren jardunaldia lehiatu zuten, eta, guztien artean, Ibarra taldea suertatu zen garaile.