Partida entretenigarria izan zen Bermeok eta Alaves B-k jokatutakoa. Garaipena, gainera, etxean geratu zen Itsasganeko zaleen poztasunerako. Garaipena lortuta, bermeotarrek sailkapeneko hamaikagarren postura arte igo dira. 19 puntu ditu Bermeok, eta Berio hamargarren sailkatuagaz berdinduta dago.
Asteburuko partidaren lehen minutuak Alaves B-rentzat izan ziren. Gasteiztarrak baloiaren jabetza izan zuten, bermeotarren areara helduz. Kostaldekoak, bitartean atzean itxaroten zuten, kontraerasoan irtetzeko prest.
20. minututik aurrera, hala ere, Bermeok nagusitzen hasi zen. Hala ere, ez zuen lortu golik sartzea, eta atsedenaldian 0-0ekoa islatzen zuen markagailuak.
Atsedenalditik bueltan, 49. minutuan, Santamariak partidako gol bakarra sartu zuen, korner bat aprobetxatuz. Gola jasota, Alavesek jokoaren kontrola berreskuratu zuen berriro, Bermeok kontraerasorako prest itxaroten zuen bitartean. Bi taldeek sortu zuten arriskua, baina markagailua ez zen mugitu amaiera arte.