Andra Mari kalea altxatzen hasiko dira
Gaur bertan hasi dituzte Bermeoko Alde Zaharreko gas naturalaren horniketa sarea osatzeko beharrezkoak diren lanak. Hainbat ziren zerbitzu hori ez zituzten kaleak eta herritarren eskaerak kontuan izanda, lanok egitea erabaki dute. Hala, horiek amaituta, Alde Zaharreko bizilagun guztiek etxeetan gas naturala erabiltzeko aukera izango dute.
Naturgas enpresa arduratuko da lanak egiteaz. Horiek, hain zuzen ere, Andra Mari, Aurrekoetxea, Bidebarrieta eta Talalakoetxea kaleetan egingo dituzte, hurrenez hurren. Jakinarazi dutenez, 2015. urteko martxorako aurreikusten dute gas naturalaren sarea bere osotasunean amaituta egotea.
Zirkulazio aldaketak
Juan Karlos Agirre udaleko zerbitzu saileko zinegotziak adierazi duenez, «lanok direla eta, Alde Zaharrean zirkulazio aldaketak egongo dira eta zenbait egunetan kale batzuk itxi egin beharko dira». Horretarako, baina, seinalaztapen egokia jarriko dutela azaldu du.
Hoditeriak jartzeko, lanok iraun bitartean, espaloiak kendu beharko dituztela azaldu du Agirrek. Hori dela eta, gune horietan, «ardurarekin» ibiltzeko eskatu die zerbitzuetako zinegotziak herritarrei.
Bestalde, Gabonetan lanak geldiaraziko dituztela aipatu dute; abenduaren 19tik urtarrilaren 7ra bitartean, hain zuzen ere.
«Alde Zaharreko bizilagunek hainbat urte daramatzate gasa eskatzen. Guk Bermeoko Udaletik kudeaketa lanak baino ez ditugu egin Naturgas enpresarekin, eta azkenean, zerbitzu hori Bermeoko Alde Zaharrean ere eskaintzea lortu dugu», azaldu du Agirrek.