Oinezkoei lehentasuna emateko Lameran ezingo dira ibilgailuak sartu
Hornitzaileen ibilgailuek hiru gune izango dituzte zamalanak egiteko. Astelehenetik zapatura bitartean erabili ahal izango dituzte, 08:00etatik 13:00etaraBermeoko Udalak Lamera parkeko zamalanetarako gunea berrantolatu du. Udaleko Zerbitzu Saileko zine...
Hornitzaileen ibilgailuek hiru gune izango dituzte zamalanak egiteko. Astelehenetik zapatura bitartean erabili ahal izango dituzte, 08:00etatik 13:00etara
Bermeoko Udalak Lamera parkeko zamalanetarako gunea berrantolatu du. Udaleko Zerbitzu Saileko zinegotzi Juan Karlos Agirrek azaldutakoaren arabera, «aldaketok, batetik, oinezkoei lehentasuna emateko, eta bestetik, Lamera bera babestu ahal izateko» egin dituzte. Hortaz, gaurtik aurrera ibilgailuek ezin izango dute Lamerara sartu.Agirreren esanetan, «hornitzaileen furgonetak eta kamioiak Lamerara sartzean, Lamerako galtzada-harriak hondatzen ziren behin eta berriz». Horiek konpontzeko kostu ekonomikoa, gainera, udalarentzat «garrantzitsua» zela aipatu du. Horrez gain, herritarren segurtasuna ere bermatu nahi izan dute egindako aldaketekin. «Asko izan dira galtzada-harriak mugituta zeudenean jausi izan diren herritarrak».
Hala, gaurtik aurrera, hornitzaileen furgonetek eta kamioiek hiru zamalan gune berri izango dituzte: Kasino ondoan 34 metro luzerako zamalan gunea, 15 metrokoa liburutegiaren ondoan eta hamabi metrokoa porturako sarreran dagoen zubiaren azpian.
Gune horiek hornitzaileen ibilgailuentzat izango dira astelehenetik zapatura bitartean, 08:00etatik 13:00etara. Ordutegi horretatik kanpora, berriz, gainerako ibilgailuek aparkatzeko aukera izango dute hiru gune horietan.
Bestalde, udalak egin barri duen berrantolaketa dela eta, taxilariak orain, Kasinoaren aurrean egon beharrean, liburutegiaren aurrealdean daude. Jakinarzai dutenez, taxilarientzako bederatzi aparkaleku gorde dituzte.
Larrialdietarako soilik
Elbarritasun bat duten horientzako aparkalekuak ere leku berria du, Kasino aurrean kokatu baitute, zamalanak egiteko gunearen ondoan, hain zuzen ere.
Hortaz, gaurtik aurrera, Lameran ezin izango dira ibilgailuak sartu, «bakarrik, behar izanez gero, larrialdietarako zerbitzuak edo zerbitzu bereziak», esan du Agirrek.
Zerbitzuetako zinegotziaren ustez, «aldaketa hauekin herritar guztiok irabaziko dugu, Lamera bermeotarren aisialdirako gune garrantzitsuenetariko bat baita».