Hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Cardañori
2001ean kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatzen diote Munitibarko bizilagunari. Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta defentsak absoluzioa2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatuta, hir...
2001ean kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatzen diote Munitibarko bizilagunari. Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta defentsak absoluzioa
2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatuta, hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Aingeru Cardaño Munitibarko bizilagunari. Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta defentsaren abokatuak, berriz, Cardañoren absoluzioa. 2001eko gertakaria izanik, 2014ko amaieran epaitu izanagatik jaitsi dio epaileak bost urtetik hiru urtera arteko zigorra.Munitibarko bizilagunak ez du ustekabean hartu Angela Murillo epailearen erabakia; izan ere, bere arabera, «urte asko dira Auzitegi Nazionalak euskaldunak epaitzen dituena, eta jakin badakigu ez dagoela bermerik bertan». Beste hainbat presogaz gertatu ohi den bezala, «beste kondena» bat bezala hartu du Munitibarkoak.
Hala ere, epailearen erabaki hori oraindik irmoa ez dela azaldu du Cardañok; izan ere, defentsak hamar egun baliodun ditu helegitea aurkezteko. Gauzak horrela, Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa erakutsi du Lea-Artibaiko bizilagunak.
Inozentzia erakustea, zaila
Azken horregaz, ez du beste kondenarik Cardañok; hala ere, behin zigor hori gaindituta, berriro ere espetxeratuko ez dutenaren bermerik ez duela dio; «2003ko atxiloketaren ostean etorri ziren kondenak. Inkomunikatuta izan eta torturatu ostean, deklarazio polizial batzuk bildu zituzten, eta hortik atera zituzten zenbait epaiketa, orain leporatzen dizkigutenak. Beraz, printzipioz, bukatuta izan beharko nituzke epaiketak, baina, auskalo». Hamar urte lehenago ustez egindako ekintza bategatik atxilotzen ari dira gaur egun euskal preso politikoak, Cardañoren arabera, eta, horren aurrean, euskal herritarrak babesgabe aurkitzen direla deritzo; izan ere, «hainbeste urte igaro eta gero, zaila da orduko egun hartan non zeunden frogatzea». Horregatik uste du euskal herritarren inozentzia erakustea oso zaila dela.
Espetxera joatea ez dela gauza erosoa badaki Munitibarren bizi den gazteak, baina, bere testuinguruan hartu behar dela dio: «Alegia, ez naiz espetxean egongo den bakarra, 500 preso politiko daude, eta ni, ni beste bat izango naiz». Borroka kolektiboa dela argi du, bera bezala, beste hainbatek pairatzen baitute «egoera oso latza».
Halaber, presoek ez ezik, beraien senide eta lagunek ere bizi ohi dute, Cardañoren arabera, egoera latz hori. Hala, presoa kartzelan izateak suposatzen dituen ondorioen jabe dira azken horiek; bidaiatu egin behar izaten dute, gastuak ere handiak izaten dira…
Esperantza eta errealismoa
Egoera horren aurrean, hala ere, esperantza baduela aitortu du Munitibarkoak; bere ustez, borroka egiten duen orok izaten baitu esperantza. Era berean, dena den, «errealista» dela dio: «errealitatea zein den badakit: euskaldunak kondenatzen jarraitzen dute, eta, gainera, zigor gogorrekin kondenatzen dituzte».
Azken urte horietako ibilbidean, Munitibarko herritarrak bidelagun izan dituela badaki, behintzat, Cardañok. Jaiotzez bertakoa izan ez arren, «erabateko babesa» jaso duela azaldu du: idazteagaz, elkarretaratzeak eginaz, espetxera bisitak eginez, epaiketetara bertaratuz… «Hori ezin da ordaindu, hori sentitu egin behar da», dio. «Oso gauza handia da, eta, horregatik, zorretan egongo naiz Munitibarko herriagaz hemendik eta hil arte».