Galtzada zaharren arrastoak
Gutxi dira Erdi Arotik gaur egunera arte bizirik iraun dute galtzada zaharrak; asko desagertu egin dira, baina egun ere izan badaude iraganeko bideen arrastoak bertoko herrietan.Gaur egungo abiadura azkarreko gizartean pertsonak leku batetik bestera mu...
Gutxi dira Erdi Arotik gaur egunera arte bizirik iraun dute galtzada zaharrak; asko desagertu egin dira, baina egun ere izan badaude iraganeko bideen arrastoak bertoko herrietan.
Gaur egungo abiadura azkarreko gizartean pertsonak leku batetik bestera mugi daitezke arazo handirik barik. Errepide eta trenbide sareek ia edozein lekutara eraman zaitzakete, muga orografikoak gaindituz. Erdi Aroan, baina, balentria handia egin behar izaten zuten bidaiariek Bermeotik edo Ondarroatik Bilbora joateko. Hala, galtzada izenez ezagutzen diren bideak eraikitzen hasi ziren Euskal Herriko biztanleak. Batez ere, komertziorako erabili zituzten galtzada sareak, produktu desberdinen garraitzea erraztuz. Hala, azpiegitura oso garrantzitsuak ziren.Busturialdean eta Lea-Artibain ere, porlana agertu aurretik egindako zenbait galtzada bisita daitezke gaur egun. Galtzada gehienak desagertu egin dira edo estalita daude, baina iraganaren zenbait lekuko geratzen dira bertoko herrietan. Erdi Aroko gurdiek, animaliek eta pertsonek zapaldutako bide berbera zapaltzeko aukera dute bisitariek, historian atzera eginez.
Herri tradizioaren arabera, erromatarren garaian edo Erdi Aroan eraiki zituzten galtzadak, baina oso gutxi dira XVII. mendea baino lehenago egin, eta gaur egun bizirik jarraitzen dutenak.
Busturialdeari eta Lea-Artibairi dagokionez, iparraldeko Donejakue bidea da ezagutzen den zaharrena, eta, horrenbestez, bide horretakoak dira bertoko galtzadarik garrantzitsuenak.
Iparraldeko bidea Mutrikutik sartzen da Lea-Artibaira. Hain zuzen, Markina Xemein da Santiago bideak zeharkatzen duen Bizkaiko lehen herria. Handik, erromesak Ziortza-Bolibarrera doaz. Hain zuzen, Ziortza-Bolibarko galtzada zati bat da eskualdeotan ezagutzen den zaharrena. Hain zuzen X. edo XI. mendeko galtzada zati bat bisita daiteke Lea-Artibaiko herrian. Monasteriora doan galtzada 1982an berriztu zuten, haren balio arkeologikoa ezagutarazte aldera. Santiago bideak Lea-Artibain zeharkatzen duen azken herria Munitibar da. Bertan ere zenbait galtzada zahar bisita daitezke.
Busturialdeari dagokionez, Arratzu da erromesek zeharkatzen duten lehen herria. Mendatatik eta Ajangiztik pasatu ostean, bestalde, ibiltariak Gernika-Lumora heltzen dira. Errigoiti Muxika eta Morga zeharkatuta, Santiago bidea eskualdeotatik urruntzen da Larrabetzutik.
Arrain eta ardoaren bidea
Santiagora (Galizia) zihoazen erromesak XI. mende inguruan hasi ziren iparraldeko bidea erabiltzen. Hala ere, lehen bi mendeetan gutxi erabilitako ibilbidea izan zen, orografia txarra eta aterpetxe gutxi zeudelako. XIII. mendetik aurrera, baina, Europako herritarrak euskal portuetan jaisten hasi ziren, iparraldeko bidea hautatuz erromesaldirako.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko kostaldeko herrientzat oso garrantzitsua izan den beste bidea, ardoaren eta arrainaren ibilbidea da. Bermeotarrak, esaterako, XIV. mende hasieran hasi ziren arraina barnealdeko mer- katuetara garraiatzen; eta, mende amaieran, lekeitiarrak eta ondarrutarrak ere hasi ziren tratuan barnealdeko biztanleekin.
Bermeotarrak barnealdeagaz lehenago komertziatzen hasteko arrazoi bakarra, herrien sorkuntza data da. Bermeoko hiribildua, esaterako, 1.236an sortu zuten, baina Lekeitiok eta Ondarroak 1.330 inguruan jaso zuten hiribildu izendapena. Hala, Lea-Artibaiko hiribilduak sortzerako, Bermeok denbora handia zeraman arrain freskoa, ketua, edo gatzatua garraiatzen. Hitako Artxiprestearen 1343ko idazki baten, esaterako, Bermeoko portuko arraina aipatzen da.
Bermeo-Oion (Araba) ardoaren eta arrainaren ibilbidearen galtzada nagusiak 120 kilometroko luzeera zeukan. Urdaibaiko itsasadarreko ezkerraldeko herriak zeharkatuz, Gernika-Lumora heltzen ziren komertzio gizonak. Ostean, Durangoko bidea hartzen zuten, eta Urkiola zeharkatuz Oionera joateko norabidea hartzen zuten.
Bertotik arraina eramaten zuten barnealdera, eta barnealdetik hainbat produktu ekartzen zituzten bueltako bidaian. Besteak beste, bermeotarrek ardoa, ozpina, gatza, garia eta artilea ekartzen zituzten kostaldera. Merkatariek mota guztietako zailtasun orografikoei egin behar izaten zieten aurre. Hala, garai hartako merkatariek majo sufritu behar izaten zuten bidaia egiteko.
Gaur egun, ardoaren eta arrainaren ibilbidea egiteko aukera dute interesatuek, baina Busturialdeko galtzada originala ia galduta dago. Busturiako Etxebarriatxu inguruan bisita daiteke Erdi Aroko galtzadaren zati bat, Urbaibaiko Galtzagorriak taldeak egindako berreskurapen lanari esker. Galtzada txakolina egiteko mahats-parren azpian dago. Hala, arrainak gerizpean egiten zuen ibilbidearen lehenengo zatia.
Lekeitiarrei eta ondarrutarrei dagokionez, bestalde, XIV. mendearen bigarren erdian hasi omen ziren arraina barnealdera garraiatzen. Lea-Artibaiko bi galtzada nagusiek Munitibarren egiten zuten bat, eta handik Durangora joaten ziren Maume (Muxika) auzotik pasatuz.
Bermeoko bideagaz batera, Munitibarkoa bertoko galtzada garrantzitsuenetako bat zen Erdi Aroan. Izan ere, Lea-Artibai eta Durango batzen zituen galtzada horrek. Maumeko pasabidea, esaterako, 1366ko herri gutun baten aipatzen da, bidearen garrantzia agerian utziz.
Gaur egun ere, interesatuek Maumeko galtzada zati bat bisita dezakete nahi izanez gero. Lea-Artibain ere, arrainaren eta ardoaren ibilbidearen moldaketa bat egiteko aukera daukate bisitariek.