Albaola Txo!!!
Euskal jendartearen hainbat gertakizun transmisiorik gabe, bidean galdu dira, gure historia kanpokoen menera zeudenek idatzi dutelako. Zorionez, azken urteotan ahalegin berezia egiten ari dira hainbat elkarte, erakunde eta norbanako gure benetako histo...
Albaola da lan horretan diharduen elkarteetako bat. Aspaldian ezagutu dudan proiektu interesgarrienetakoak sortu dituzte. Euskal Herriak itsasoarekin izan duen lotura zuzena ondare kultural bezala transmititzeko lanean dihardute, urteetan euskal jendarteak pilatutako jakintza, ondare bihurtuz.
Apaizac hobeto dokumentalarekin egin ziguten bisita Uhagon kultur gunera duela urte batzuk, eta ordutik proiektua haziz joan da zorionez. Pasai San Pedroko Ondartxo itsas kulturaren zentroan, Albaolako lagunak eta hainbat boluntario 1565. urtean, Ternuan urperatu zen San Juan Baleontzia eskuz eraikitzen ari dira. Gure historia eskuz ari dira berreraikitzen, patxadaz, baina irmo.
Gainera, eraikitze lanak bertatik bertara bisita daitezke, museoaren zati bihurtu dutelako tailerra bera. Museoa oso gertukoa da, diru gutxirekin eta handinahirik gabe egina, herrikoia, gaur egungo beste hainbat museo ustez dotoreri gaina hartuz bere soiltasunean. Era argi batean aipatzen dira ontzigintzaren eta arrantzaren inguruan industria sendo bat osatu zela euskara nagusi zen lurraldeetan barrena.
Euskal arrantzaleek Ternuaraino bidaia luzeak egiten zituzten XV. mendetik aurrera. Urrutiko lurraldeetara baleak arrantzatzera joateko denetarik behar zuten arrantzaleek; kupelak, teilak, ikatza, janaria, sagardoa, oihalak eta abar. Industria honetan kostaldeko herriak, barnealdeko baserriak zein Nafarroako oihanak lotuta zeuden kate ekonomiko zabal bat osatzen zutelarik.
Gai honen inguruan osatu dute Pirritx, Porrotx, Marimotots eta beraien lantaldeak ikasturte honetako ikuskizun ederra, irrien bidez gure ondarea ezagutu eta itsasoarekiko errespetua handiagotzeko, berau zainduz maitatzeko, Txo, Plastiker eta hainbat pertsonaia lagun harturik.
Azken urteotako ohitura ederrari jarraituz, Markina-Xemeingo guraso elkarteari eskerrak, gaurkoan bisitan izango ditugu pailazo maitagarriak gure ondare den Uni frontoian. Gora euskal irria!!!
Albaola bezalako proiektuetatik ikasi eta gure ondare den pilota ere gehiago zaindu eta maitatu beharko genuke. Baina patxadaz, momentuz gozatu ikuskizunarekin.