2014-11-09an, % 80,76
Egunkaria itxi zuten urtean, 2003an, Holandako Utrecht-en nengoen doktoretzako tesina egiten. Unibertsitateko liburutegian irakurtzen negoela, gasteiztar bat etorri zitzaidan Egunkaria itxi zutela esanez. Ordurako lagun-taldea osatuta geneukan, eta ez ...
Mireia Nederlanderako eskoletan ikusi nuen lehendabizi. Hilabete neraman Utrecht-en, eta ez nuen ordura arte euskaldunik ezagutu. Aitortu behar dizuet ez nintzela ordura arte horrenbeste denbora euskaraz hitz egin gabe egon. Irrikaz nengoen euskaldun bat ezagutzeko eta euskaraz aritzeko. Mireia ikusi nuenean, janzkeragatik-edo esan nion nire buruari euskalduna zela. Eskola bukatu arte, buruan galdera bakarra nuen: «Euskalduna ete da neskato hau?». Eskolak bukatzean, berarengana joan eta euskaraz esan nion: «Aupa, zu be euskalduna zara?». Ez zen euskalduna, baina bere erantzunak aho bete hortz utzi ninduen: «No, pero me gustaria serlo». Horrela erantzuten duen pertsona laguntzat baino ezin dut hartu. Harrituta, erantzun nion «eta, orduan, nor zara, ba?». Katalana zela erantzun zidan. Hortik aurrera laguntasun harreman luzea hasi genuen.
Berarekin, Mireiarekin, azaroaren 9an hitz egin nuen, zorionak emateko, eta berak esan zidan elkarrekin bi herrion ametsak betetzeko aukera genuela.
Bi herriok amesgaiztotik atera nahi ditugu; izan ere, espainiar demokrazia-amets delako horrek bi mutur hauek onartzen ditu: batetik, Frankismoko kriminalak ez entregatzea ez da delitua, bete beharra baizik, eta, beste aldetik, Katalunian herritarrei bozkatzeko galdetzea delitua da, herritarrek hala agindu arren. Zeinen era interesatuan ulertzen duten espainiarrek demokrazia, ezta?
Lagunen arteko eztabaidetan katalanak horren urrun iritsiko zirenik gutxik uste zuten Diada jendetsuaren garaian. Gutxik uste zuten katalanek erakutsiko zutela demokrazia amets hutsa dela Espainian.
Nik banuen gogoa, beti izan dut gogoa, iniziatiba noizbait eta arloren batean katalanen eskuetan ikusteko, gure lana eta eguneroko euskaldunon bizimodua erraztuko zuelakoan edo, espainiar unionistak lanez gainezka ikusiko nituelakoan edo. Eta gogo horrek beste gauza askotan bezala optimismora eraman nau, baina ez dakit gogoak optimismora zehazki zergatik eraman nauen, egia esan.
Edonola ere, aitortu behar dut, ni neu ere Arthur Mas presidenteak harritu egin nauela, eta onerako, gainera. Inbidia? Bai, inbidia. Pixka bat, es mucho! Hain da gutxi hori horrenbeste, «ari-ari-ari, Arthur Mas lehendakari!» inoiz baino argiago erakutsi zuela Masek azaroaren 9an.
Euskal Herriko bi lehendakariak (Barcina eta Urkullu) baino hurbilago sentitu dut orduan Mas. Horrela ba, uste dut pixka bat, es mucho leloa baino koherenteagoa dela Mas, es mucho! leloa. Ala ez?