Rwandara begira jarri ditu Jordi Palou-Loverdos abokatuak jardunaldi antimilitaristen saioan parte hartu dutenek. Espainiako Auzitegi Nazionalean den Rwanda/R.D. Congo auzian, biktimen abokatua da bera. «Kereila horrek ezertarako balio izan badu, gatazkaren alde izkutua argitara ateratzeko izan da», dio. Rwandako gerra krimenak ez ziren 1994an hasi, ezta amaitu ere. Eta, genozidioa ez dute Rwandan bakarrik egin, Kongoko Errepublika Demokratikoan ere. Eta ‘gerra zibila’ deritzena, ez da bi etnien (hutuak eta tutsiak) arteko gatazkaren ondorioz izan; edo ez horregatik bakarrik. Batetik, Rwandan ezezaguna den hirugarren etnia bat ere badagoela azaldu du Palou-Lovardosek: «Twas-a da Rwandako jatorriko etnia». Hala ere, biktima horiek eta beste asko bertsio ofizialak ez ditu kontuan hartzen. Eta bertsio ofizial hori hankaz gora jarri zuen atzoko hitzaldian.
1994ko apirilaren 6an Rwandako eta Burundiko presidenteen kontrako atentatuaren osteko sarraskia da nazioartean zabaldu dena –hiru hilabetetan ia milioi bat pertsona hil zituzten; gehienak tutsiak–. «Baina gatazka lehenagotik zetorren. 1990etik 1994ra ere biktima asko izan ziren Rwandan, baina 1994ko apirilean Rwandako Frente Patriotikoak (FPR) herrialdea inbaditu zuenetik uztailera arteko geraterak bakarrik zabaldu dira nazioartera».
Gertatutakoa «orkestratuta» zegoela dio abokatuak: «Rwanda ez zen helburua, Kongoko Errepublika Demokratikoa baizik. Herrialde hartan, 1996az geroztik, ia 5 milioi lagun hil dituzte».
Interes ekonomikoak
«Mobutu Kongoko presidente zenean ere ‘Belgikako enpresa’ deitzen zioten lurralde hari». Urrea, diamanteak, zura, gasa zein petroleoan aberatsa da lurralde hori; «baina baita columbita-tantalite mineralean ere. Telekomunikazio eta telefoniako enpresentzat garapen urteak ziren, eta minerale hori oso baliagarri zuten».
Europako potentzia ekonomikoek, baina, batez ere, Amerikako Estatu Batuek bi herrialde horietan duten interesa agerian dela dio abokatuak: «1996. urtean Rwandako errefuxiatu tutsien aurka egin zuen FPR-k, tankeekin, helikopteroekin…». Eta gerra tresna horiek AEBei esker lortu zituzten.
Atxilotzeko aginduak
Kongon eta Rwandan hil dituzten euskal herritar (Isidro Uzkudun), katalandar eta espainolen familiek aurkeztu zuten kereila Auzitegi Nazionalean. «2008. urtean FPRko 40 agintari politikomilitarren kontrako atxilotze aginduak eman zituen Auzitegi Nazionalak». Hala ere,inor ez dute atxilotu. Horietako bat Nueva Delhin enbaxadorea zen, eta inmunitate diplomatikoa zuen. Beste bat Hegoafrikan bizi da, eta asilo politikoa onartu diote. «Asilo hori bertan behera utz dezaten, harremanetan gara herrialde hartako giza eskubideen aldeko erakundeekin».
Noizbait gizateriaren kontrako krimenen arduradun horiek epaituko dituztela espero du, baina trabak ugariak dira. «Rwandarako Nazioarteko Zigor Auzitegia sortu zuten Nazio Batuek; baina estatutuek diote 1994ko urtarriletik abendura arteko krimenak baino ez dituela ikertuko, eta data horren osteko krimenak ere ugariak dira». AEBek, Europako potentzia ekonomikoek eta multinazionalek interesak dituzte oraindik Afrikako bi herri horietan.