Bermeoko Udalak Lamera parkeko zamalanetarako gunea berrantolatu du. Udaleko Zerbitzu Saileko zinegotzi Juan Karlos Agirrek azaldutakoaren arabera, «aldaketok, batetik, oinezkoei lehentasuna emateko, eta bestetik, Lamera bera babestu ahal izateko egin ditugu». Hortaz, gaurtik aurrera ibilgailuek ezin izango dute Lamerara sartu.
Agirreren esanetan, «hornitzaileen furgonetak eta kamioiak Lamerara sartzean, Lamerako galtzada-harriak hondatzen ziren behin eta berriz». Horiek konpontzeko kostu ekonomikoa, gainera, udalarentzat «garrantzitsua» zela aipatu du. Horrez gain, herritarren segurtasuna ere bermatu nahi izan dute egindako aldaketekin, «asko izan dira galtzada-harriak mugituta zeudenean jausi izan diren herritarrak».
Hala, gaurtik aurrera, hornitzaileen furgonetek eta kamioiek hiru zamalan gune berri izango dituzte: Kasino ondoan 34 metro luzerako zamalan gunea, 15 metrokoa liburutegiaren ondoan eta hamabi metrokoa porturako sarreran dagoen zubiaren azpian.
Gune horiek hornitzaileen ibilgailuentzat izango dira astelehenetik zapatura bitartean 08:00etatik 13:00etara. Ordutegi horretatik kanpora, berriz, gainerako ibilgailuek aparkatzeko aukera izango dute hiru gune horietan.
Bestalde, udalak egin barri duen berrantolaketa dela eta, taxilariek orain liburutegiaren aurrealdean dute beraien geralekua eta ez Kasinoaren aurrean, lehen modura. Taxilarientzako bederatzi aparkaleku gorde dituzte.
Larrialdietarako soilik
Elbarritasun bat duten horientzako aparkalekuak ere leku berria du, Kasino aurrean kokatu baitute, zamalanak egiteko gunearen ondoan, hain zuzen ere.
Hortaz, gaurtik aurrera, Lameran ezin izango dira ibilgailuak sartu, «bakarrik behar izanez gero, larrialdietarako zerbitzuak edo zerbitzu bereziak», esan du Agirrek.
Zerbitzuetako zinegotziaren ustez, «aldaketa hauekin herritar guztiok irabaziko dugu, Lamera bermeotarren aisialdirako gune garrantzitsuenetariko bat baita».